Erreformak eta murrizketek egoera ekonomiko eta soziala okertu dute

2011/10/04
INEMen zerrendetan erregistraturiko langabe kopurua 184.524 pertsonatakoa izan da 2011ko irailean Hego Euskal Herrian, abuztuan baino 2.388 eta 2010ko irailean baino 12.601 gehiago. Gobernuaren murrizketek ez dakartela enplegu sorrerarik erakusten dute datuok, alderantzizkoa baizik.

Gainera, INEMeko zerrendetan erregistraturiko biztanleriaren %38,9ak ez du inolako prestaziorik jasotzen, eta %39,1ak bakarrik jasotzen du prestazio kontributiboa. Gainerako %22ak prestazio asistentziala jasotzen du, kontributiboa baino baxuagoa.

2011an zehar sinaturiko 705.460 kontratuetatik, 660.218, hau da, %93,59a, behin-behinekoa izan dela ere erakusten dute INEMeko datuek. 2011an sinatutako behin behineko kontratuek, 2010 ekitaldian baino 0,6 puntuko gorakada izan dute. Begi bistan dago inposaturiko erreforma eta murrizketa sozialek enpleguaren egoera eta gizarte babesa kaltetu dutela.