Erregulazio-espedientea Emakumeak Sustatzeko Bizkaiko Zentroan

2013/02/01
Emakumeak Sustatzeko Bizkaiko Zentroko Zuzendaritzak itxiera-EEE bat aurkeztu du, fundazioko emakume langile guztiak hartzen dituena. Espedientearen ondorioz fundazioko 15 langileek lanpostua galduko dute, eta zentroa desagertuko da.

 

Zuzendaritzaren arabera Emakumeak Sustatzeko Bizkaiko Zentroa ixteko eta langileak kaleratzeko arrazoia finantzaketarik eza izan da. Orain arte BBK Gizarte Ekintzak aurrekontuaren %85 jarri izan du, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizartegintza Sailaren, EDE Fundazioaren eta beste erakunde batzuen artean gainerakoa. Aipaturiko erakunde guztiek baliabide falta argudiatu dute, jarduera hori bultzatzen ez jarraitzeko.

Emakumeak Sustatzeko Bizkaiko Zentroak 50 urte darama jardunean, Bizkaiko emakumeak osoki sustatzen eta hezten. Batez ere, emakumerik behartsuenak artatu ditu, baliabide ezagatik bazterkeria jasateko arriskua dela-eta.

Azken urteotan gizartegintza-proiektuak garatu izan ditu hainbat esparrutan, besteak beste, enpleguan, gizarteratzean eta emakumeenganako bortizkerian. 2012ko abenduan ia bostehun emakume ari ziren parte hartzen Fundaziotik antolaturiko jardueretan. Gainera, izan duen ibilbide luzean elkarlanean ari izan da hainbat erakunderekin: Emakunderekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Foroarekin, eta zenbait udalerritako emakumeen kontseiluekin —Ermua, Durango, Barakaldo eta Santurtzi—.

ELAtik finantzaketa-etendura hori salatzen dugu; hau da, BBK-Gizarte Ekintzak, baliabideen eskasia argudiatuz, Emakumeak Sustatzeko Zentroari erretiratu dion finantzaketa. Horren ondorioz 15 emakume langile lanposturik gabe geratuko dira, eta bazterkeria-arriskuan dauden emakumeentzako jarduerak bertan behera. Krisi garaian inoiz baino beharrezkoagoak dira horrelako ekimenak; are gehiago, ahaleginak biderkatu beharko ziren baliabide urriko emakumeak gizarteratzeko.

Gertatu diren kaleratzeak eta jarduera-amaiera ikusita, ELAk erabakia indargabetzeko eskatu du, edo bestela langileak beste postu batzuetan birkokatzea, non Bizkaiko emakumeen alde lan egiten jarraitzea izango duten. BBKren zurikeria salatzen dugu, bazterkeria-arriskuan dauden Bizkaiko emakumeentzako programak finantzatzeko dirurik ez dagoela dioen bitartean, Cordobako CajaSur-eko odoljarioa gelditzen saiatzen da Bizkaiko ezarleen ehunka milioi eurorekin. Horra hor euskal kutxen fusio/bankarizazioaren ondorioetako bat, eta zergatik ELA jarri zen guztiz aurka. Gizarte Ekintza pribatizatzearen eta pausoz pausoko desegitearen ondorio larrietan beste bat gehiago.

Azkenik, salatu behar dugu Bizkaiko Foru Aldundiari ez diola axola handirik emakumerik behartsuenak gizarteratzeak, propaganda ofizialean besterik aldarrikatu arren edo Martxoaren 8ko eguna ospatu arren. Hori dela-eta, espero dugu Emakundek zerbait esatea emakumeak sustatzen eta gizarteratzen diharduen fundazio bat ixtearen inguruan.  Azken batean, Bizkaian erroturik zegoen gizarte-erakunde bat erabaki politiko batez itxi da, baliabiderik gutxieneko emakumeengan izango dituzten eragin kaltegarriak kontuan hartu barik.