EHU
Errektoretzak eta ELAk ez beste sindikatuek erretirora igarotzeko neurriak okertu dituzte

UPV/EHUko langileen erretirora igarotzeko neurrien proposamena sinatu dute LAB, STEILAS, CCOO, UGT, USO eta CGT sindikatuek. ELAk ez du akordioa sinatu errektoretzat ezarritako murrizketak bere egiten dituelako. Hain zuzen ere:
-
Akordioak ez du bermerik. Errektoretza taldeak edozein momentutan aldebakarrez bertan behera utz dezake adostutakoa.
-
Ez dago neurririk primak bertan behera uztearen ondorioz sortutako galerari erantzuteko. Murrizketa bat suposatzen du horrek.
-
Ezgaitasun primak ez dira berreskuratu, izaera asistentziala badute ere.
-
Ez da salbuespeneko neurririk adostu aurreko Gobernu Kontseiluko akordioko baldintzak bere egin behar izan dituzten langileentzat (2022-2024).
-
Irakasle eta ikertzaileen kolektiboei onartutako ordu murrizketak ez dira 2015ko akordioak zehazten dituen adinakoak.
Akordioak amaiera ematen dio bi urteko prozesuari. 2022an, UPV/EHUko gobernu taldeak aldebakarrez bertan behera utzi zituen ekintza sindikalari esker lortutako 2015eko erretiro akordioak. Erretiro primak aitzakitzat hartuta, lanorduak murrizteko eta erretiro partziala hartzeko eskubideak urritu zituen. 2022ko urriaren 20an, gehiengo sindikala mahaitik kanpo eta mobilizatuta zegoela, Gobernu Kontseiluak langileen eskubideak larriki kaltetzen zituen erretiro “akordio” berri bat onartu zuen.
Horren aurrean, ELAk bide judizialari ekin zion eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Epaiaren arabera, "2015eko akordioak erabat indarrean zeuden" eta "ez zeuden beharrezko inguruabarrak administrazioak alde bakarrez eten edo alda zitzan". Hori dela eta, primak salbu, aurreko baldintza guztiak mantentzeko betebeharra aitortzen zion Unibertsitateari.
Egoera horren aurrean, ELAk mobilizazio eta greba dinamikak sustatu zituen murrizketak irauli eta negoziazio zabaltzeko. Presio horren ondorioz negoziazioa hasi zuen errektoretzak, eta azken hilabeteotan hainbat bilera egin dira.
Sentetzia aldeko izanagatik ere eta mobilizazioak martxan, beste sindikatuek nahiago izan dute murrizketak onartu eta adostasunera iritsi. ELAren ustez, aukera galdu bat izan da galdutakoa berreskuratzeko.