Errelebo kontratuarekin lan nekezetan aritutako langile asko, bereziki emakumeak, diskriminatzen jarraituko du Espainiako Gobernuak

2023/01/02
Espainiako Gobernuak langile industrialek errelebo kontratua 2011 urteko murrizketen aurreko baldintzetan hartzea baimendu du beste urtebetez. Berriro ere Espainiako Gobernuak enpresa handi batzuen beharrei men egin die langile zaurgarri guztien osasuna zaindu beharrean eta, honela, bereziki emakumeak diskriminatzen jarraituko du.

Abenduaren 28ko Aldizkari Ofizialean Espainiako Gobernuak, beste hainbat neurrirekin batera, urtebetez luzatu du langile industrialentzako salbuespen egoera errelebo kontratua hartzerakoan. Honen arabera manufaktura edo muntaia industrialetan aritzen diren langileek 2011 aurreko baldintzetan hartu ahal izango dute errelebo kontratua beste urtebetez. Hala, langile industrialek enpresa berean 6 urteko antzinakotasuna badute eta 33 urte kotizatuta badituzte lanaldia %75 arte murriztu ahal izango dute 61 urte bete ondoren (60 mutualista izanez gero).
Lan nekezetan aritzen diren langile hauek aukera hau izatea pozgarria da, baina ELArentzat erabat salagarria da bestelako sektoreetan aritzen diren langileek, baita oso nekezak diren bestelako lanetan ari direnek, horrelako aukerarik ez izatea. Erabaki honek bereziki emakumeak diskriminatuko ditu, sektore industriala oso maskulinizatua baitago, eta sabuespenetatik kanpo utziko ditu fisikoki oso gogorrak diren hainbat lan, zaintza eta osasun arloan pertsonak mugituz lanean ari diren emakumeak, esaterako.
ELAren ustez Espainiako Gobernuak berriz ere autogintzako enpresa handien beharrei erantzuten die langileen osasuna zaindu beharrean eta emakumeak oso lan gogorretan inongo laguntzarik gabe lan egitera kondenatuko ditu urte luzez lanean aritu arren eta 60 urtetik gorako adina izan arren.