Errentaren bilketan ez da iruzurra murriztu

2005/04/19

Errenta Aitorpenaren kanpainaren hasiera dela eta, ELAko Azterketa Bulegoak urtero egiten duen Euskal Herriko fiskaltasunaren bilakaeraren inguruko txostena aurkeztu du gaur goizean. Txosten honetan, aurreko hamabietan bezala, PEFZaren bilketaren izaera atzeragarria, informazio falta eta alor honetan ematen den iruzur maila handia egiaztatzen da.

Zentzu honetan txostenaren arduradun diren Mikel Noval eta Julene Gabiolak azpimarratu dute, langileek 17.000 euro inguru aitortzen duten bitartean, enpresari, profesional eta artistek 11.500 euro inguru aitortzen dituztela, 5.500 euro inguruko diferentzia.

Bestalde ELAko Idazkari Nagusi den Jose Elorrietak, EAEn ematen den presio fiskal baxuak bilketa orokorrarengan duen eraginaz aritu da; Irlandakoarekin batera Europar Batasuneko baxuena da. "Europar Batasunarekiko aldea ia 8 puntuko da, horrek esan nahi du presio fiskal bera izango bagenu 4.000 euro gehiago bilduko genituela".

Elorrietak azpimarratu du diru-bilketa falta honek zerbitzu sozialengan eragin ezkorra daukala, zerbitzu hauek urtetik urtera aurrekontu murriztuagoak dituztelarik. "Hirugaren Adineko laguntzarekin gertatzen ari dena horren ondorioa da" salatu du.