Errenteriako Sabeco-ko egungo plantillaren subrogazioa eskatzen du ELAk

2010/11/17
Uztailean Sabecoko langileak itxialdia egin zuten Niessen merkataritza gunean, euren egoera larria salatu eta ohartarazteko kalean geratzeko arriskuan zeudela, 16 hilabeteko grebari irtenbide egokia eman zion hitzarmena lortu ondoren. Epai batek amaitutzat jo zuen Murias Center 4 (merkataritza gunea kudeatzeko ardura zuen enpresa, Muriasek eta Errenteriako Udalak osatua) eta Sabecoren arteko errentamendu-kontratua.

Sabecok epai hori ez errekurritzea erabaki zuen, eta Errenteriako langileak Bizkaia, Errioxa eta Kantabriako hainbat supermerkatutara bidaltzeko asmoa adierazi zuen, berton dendarik ez zuela argudiatuta. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileentzat ezinezko proposamena, hots, izatezko kaleratzea janzteko modua zen.

Uztaileko azken egunetan argi esan zieten guztiak erabiltzeko prest zeudela, sekulako ahalegina behar izan baitzen baldintza duinak lortzeko.

Eta auzi merkantilean sartuta zeuden aldeei –Errenteriako Udala, Murias Grupo Empresarial eta Sabeco– adostasunera iristeko eskatu zieten, supermerkatua itxi ez zedin; ez zeuden langileak zertan euren lanpostuarekin ordaindu euren arteko tirabira.

Ondoren Gipuzkoako Lan-ordezkaritzan txosten juridikoa aurkeztu zuten lekualdatzeak geldiaraz zitzaten, izatez langileak kaleratzea eta beren eskubide laboralen kontrako eraso larria esan nahi baitzuten.

Txosten juridiko hartan honako argudioak jaso ziren:

1.- Lokal horretan nahitaezkoa dela supermerkatu bat egotea, horixe baitio Murias Grupo Empresarialen eta Errenteriko Udalaren artean azalerako eskubideari buruz sinatu zen akordioak. Beraz, egungo plantillak subrogazioa eta enplegu egonkorra izateko eskubidea du.

Jurisprudentziaren arabera (TSJCE eta Auzitegi Gorena) unitate produktibo autonomo bat eskualdatzen da; horrek subrogazio eskubidea sortzen du, eta Langileen Estatutuko 44. artikulua eta 2001/23/CE zuzentaraua aplikatuz, sektore batzutan jardueraren funtsa eskulana denez, langile talde batek jarduera komun bat modu iraunkorrean egiten badu entitate ekonomiko bat izan daiteke.

2.- Errenteriko udalbatzak birritan aitortu duela egungo plantillari zor zaion lanpostua izateko eskubidea.

Argudio hauek ikusirik Gipuzkoako Lan-ordezkaritzak arrazoia eman zieten eta lekualdatzeak geldiaraztea onartu zuen; lehen erronka gainditu genuen.

Gero, auziko alde biek adostasunera iristeko interesik agertzen ez zutenez, eta Sabeco denda uztekotan zegoelarik, Lan-ordezkaritzan enplegua eteteko espedientea sartu zuten, lanpostuen jarraipena bermatzeko eta supermerkatua itxita ere, edo Sabecok alde egiten bazuen, langileek gizarte-segurantzan alta egoeran jarrai zezaten, Niessenen beste operatzaile bat sartu arte.

ERE hau aurkezteko lehenago lekualdatzea geldiarazteko oinarriak erabili ziren.

Argi dago lokal horretan supermerkatu bat egotea ezinbesteko kontua dela eta, horrenbestez, egungo plantillak subrogaziorako eta enplegu egonkorra izateko eskubidea duela; udalbatzaren akordioek ere hala aitortzen dute.

Gipuzkoako Lan-ordezkariarekin eta Jaurlaritzako Lan saileko arduradunekin hainbat bilera izan ondoren, EREa irail erdialdera onartu zen; lanpostuak mantendu egin dira, oraingoz, eta alta emanda daude langileak, supermerkatua itxita egonagatik; hau sei hileko epe baterako, baina tarte hori labur daiteke supermerkatua kudeatuko duen operatzailea lehenago hasten bada lanean.

Azkenik, dei egiten die udalbatzari, Murias Center 4ko administrazio-kontseiluko kide diren aldetik, eta Murias enpresa-taldeari, lehenbailehen itxi dezatela akordio bat lanpostuen iraupena eta supermerkatua irekiko dela bermatzen duen enpresaren batekin; horrela merkataritza gunean eta Errenterian bertan jarduerak jarraipena izango du.