Polizia indarkeria

Ertzaintzak gogor kargatu du Donostia ospitaleko garbitzaile grebalarien kontra, Osakidetzaren aginduz

2023/03/01
Grebalariek beharrezko baimen guztiak zituzten arren, poliziaburuak esan du Osakidetzaren gerentziak eskatuta oldartu direla. Megafoniaren erabilera debekatzeko egindako balizko eskaeraren berri ez du ELAk jaso, ez Ertzaintzaren ez Osakidetzarengandik.

Aste biko greba du deituta ELAk Osakidetzako garbikuntzan, lehen sindikatu gisa, negoziazio mahaia desblokeatu eta karrera profesionala eskatzeko. Bigarren greba eguna zen atzo eta, mobilizazioen egutegiak argi adierazten duen bezala, grebalariak Donostia Ospitaleko egoera salatzeko manifestazio eta elkarretaratzea egingo zuten. Beharrezko baimen guztiak izanda, horixe bera egin zuten: manifestazioa eta elkarretaratzea.

Grebalari ugarik egin zuten bat manifestazioarekin, aparteko arazorik gabe. Baina behin manifestazioa amaituta, ospitaleko atarian elkartu zirenean, emakumeen aurka oldartu ziren Ertzaintzako zenbait agente; borrak erabilita eta bultzaka, megafonoa indarrez kentzen saiatu ziren. Egoera baretu zenean, eta langileek beharrezko baimena zutela frogatu ostean, bertaratutako ertzainburuak esan zuen megafoniaren erabilera debekatzeko Osakidetzaren eskaera zuzena zutela. ELAK, halere, ez zuen eskaera horren berri izan, ez Ertzaintzaren ez eta Osakidetzaren partetik.

Lan gatazkak, negoziazio mahaian
ELAk argi utzi nahi du gatazka hau ez dela konponduko ez megafoniaren erabilera debekatuz, ez borrekin, ez kolpeekin, ezta gutxieneko zerbitzuak handituz ere. Negoziazioa desblokeatzeko eta karrera profesionala kobratzeko antolatu eta borrokatzeko erabakia hartu duten langileak ez dira geldituko Ertzaintzaren zein Osakidetzaren oldarraldiengatik, adierazi dutenez.

Inoiz baino indartsuago jarraituko dute borrokan, lan baldintzak hobetu, negoziazio mahaia desblokeatu eta karrera profesionala kobratu arte.