Ertzaintzan emakumeen kontrako diskriminazioari lotutako beste epai bat irabazi du ELAk

2021/11/04
Gasteizko Kontentzioso Administrazioaren epaitegiakJaurlaritzako Segurtasun Saila kondenatu du emakumezko ertzain bati zaintzarako hartutako eszentzia lan denbora gisa ez balioztatzeagatik. Adingabe bat zaintzeko hartu zuen eszendentzia, eta denbora tarte hori kontuan hartu ez izanaren ondorioz, ezin izan zuen gertuagoko lanpostura lekualdatu.

Ertzaintzan emakumeek jasaten duten diskriminazioa islatzen dute ELAK irabazitako hirugarren sententzia honek. Horregatik, ELAk zera adierazi nahi du: Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak iragarritako Ertzaintzan emakumeen kopurua handitzeko “ekintza positiboez” gaindi, gertakariek agerian uzten dutela Eusko Jaurlaritzak ez duela urrats nahikorik egin emakumeen diskriminazioari aurre egiteko.

Prozesua eta balorazioa

Epaiaren kasuan, demandatzaileak etxetik gertu dagoen plaza bat eskatu zuen lanpostuak betetzeko lehiaketa batean, 25 urte baino gehiago autoz ordubetera dagoen lanpostura joan-etorrian zebilela.

Promozioko lankideek lortu zuten lehiaketan lekualdatzea, antzinatasun eta zerbitzu denbora berarekin, eta baita ondorengo promozioetakoek lankideek ere. Demandatzaileak, ordea, ez zuen lortu, merezimendu gisa puntuatzen zuen zerbitzu denboratik kendu zizkiotelako adingabea zaintzeko hartutako borondatezko eszedentzian igarotako bi urteak. Hau da, eskubide hori erabiltzeari zigorra bihurtu zitzaion urte asko geroago merezimendu lehiaketan.

Epaitegiaren epaiak ezartzen duenez, “gizonei zein emakumeei seme-alabak zaintzeko eszedentzia denbora zenbatzen ez bazaie, zeharkako diskriminazioa eragiten da emakumearen kalterako, egungo gizarteak erakusten baitu gaur egun ere mota horretako eszedentzia gehienak emakumeek hartzen dituztela, eta ez gizonek. Horrela, eszedentzian dagoen bitartean kategoria horretan egindako lana meritu gisa zenbatzen ez bada, emakumeak gizonak baino gehiago atzeratuko dira. Eta gizonek arrazoi bat gehiago izango dute aukera duten kasu gehienetan eszedentzia horiek ez hartzeko. Zerbitzu aktibo asimilagarritzat jotzen badira soilik, gizonek eta emakumeek ez dute eragozpenik izango beren lanbide ibilbidean eszedentzia horietaz gozatzeko”.

Horregatik, epaiak Segurtasun Saila kondenatzen du adingabea zaintzeko bi urteko eszedentzia aldia baloratzera, lan denbora balitz bezala.

ELAk irabazitako hiru epai

Dagoeneko hiru epai irabazi ditu ELAk azken bi urteetan Ertzaintzan emakumearen diskriminazioari dagokionez. 2019ko otsailean, epaitegiak haurdun zegoen emakume bati aitortu zion proba fisikoak beste une batean egiteko aukera, Arkauteko akademiak ukatu egin baitzion aukera hori. Eta 2021ean, epaitegiak ebatzi zuen Akademiak bi emakume kanporatu zituela modu diskriminatzailean sexu orientazioagatik.

ELAk adierazi nahi du Erkorekak Ertzaintzan emakumeen kopurua handitzeko plan bat abian jartzeko Legebiltzarrean esandakoak ez direla nahikoa, gertakariek erakusten baitute Sailak ez duela behar beste neurririk hartu diskriminazio horri aurre egiteko.