GLOVO
Esklabotza digitala salatu eta Nafarroan eragindako 278 langileentzat lanaldi osoa exijitu du ELAk

ELAk gaur salatu du Glovok ezarri nahi duen "esklabotza digitala"; hainbat auzitegik zigorra ezarri diote enpresa honi, eta Lan-Ikuskaritzak behartu du banaketarako alde batera uztera sasi-autonomoak. Zehazki, Glovok Nafarroan alta eman behar die soldatapeko gisa 278 langileri; aldaketa hori gauzatzeko iragarri duen eguna uztailaren 1a da; orduan sartuko omen da indarrean baldintza berriekiko aplikazioa.
Aldaketa hori gertatzeko gutxi falta denean, eta Sanferminak ere gertu direla (Glovok Nafarroan bere etekinak puzteko baliatu nahi dituen jaiak), ELAk salatu duenez banaketa enpresa hau 14 eta 20 ordu arteko kontratu partzialak inposatzen ari da; gainera, hauek ez daude SEPEn erregistratzeko moduan homologatuta. “Aurpegirik ez duen enpresa bat da, gizatasunik gabea, sektorean pirata gisa diharduena eta langileekiko komunikazio-kanalik eskaintzen ez duena; erantzunik gabeko posta elektronikoa, ziurgabetasuna eta prekaritatea, horixe da Glovo”. Gainera, Glovok mezularien hitzarmena aplikatu nahi du, 2006tik hona eguneratu gabe dagoena.
Hori ikusirik, ELAk Ikuskaritzara eta auzibidera jo du Glovok Salgaien Garraioko hitzarmen nafarra aplika dezan, lanaldi osoko kontratuekin. “Gogoratu beharra dago Glovori kondena ezarri diotela sasi-autonomoak soldatapeko bihur ditzan. Bestalde, lanaldi partzialeko autonomoaren figurarik ez dago; ondorioz, kontratu berriak lanaldi osokoak izan behar dira”.
Gainera, ELAk eskatu du Glovok 'rider' bakoitzarekiko harremana hasi zenetik soldaten eta kotizazioen % 100 bere gain har dezala, harreman hori iruzurra baitzen, auzitegietan egiaztatu den moduan. Gero Gizarte Segurantzak itzuli egin beharko lituzke langileok ordaindutako autonomo kuotak.
ELAk ohartarazi duenez, “ezin da onartu jendea autonomo faltsuen figura bidez esplotatzeagatik kondenatu duten enpresa batek epai horiexek baliatzea lan-baldintzak areago okertzeko; ELA dagoeneko dozenaka riderrekin harremanetan jarri da, eta esklabotza digital honen aurkako borroka gogortuko du; une hau erabakigarria da: Glovok bere aplikazioa uztailaren 1ean desblokeatuko ez balu izatezko dozenaka kaleratze gertatuko lirateke eta ez luke ordainduko epealdi horretako soldatarik; hori ere guztiz ilegala da".
Hain zuzen, ELAk kargu hartu die PSOEren Gobernuari, UGTri eta CCOOi, hauen arduradunak Glovoren 10. urteurrena ospatzeko jai-ekitaldian izan baitziren, ekainaren 15ean Bartzelonan. “Bi sindikatu horiek eta PSOEk zorionak opa dizkiote eta babesa eman diote Oscar Pierreri, hau da, langileen eskubideak urratzeagatik inputatutako enpresario bati, eta sostengua ematen diote lehenago langileen esplotazioagatik kontrako hainbat epai jaso eta orain lehia desleiala medio epaitzen ari diren enpresa bati”.