Eskola Kontseiluak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza eta indarkeriari legitimazioa kentzea Plana

2010/04/30
Komunikabideen bitartez eta Eskola Kontseiluak berak igorrita (gaurdaino Gobernuak ez baitio bidali) proiektu honen nondik norakoak jakin zituenetik, ELAk haren aurkako jarrerarik biribilena agertu zuen, formari eta funtsari dagozkien arrazoiengatik.

·         Gobernuak ez duelako aldez aurretik inolako harremanik izan, ez eskola komunitatearekin, ez hezkuntza- eta gizarte-eragileekin, ez bakearen eta giza-eskubideen defentsan ibilbide luzea egina daukaten erakundeekin, haien iritziak eta ekarpenak ezagutzeko; hots, parte-hartzea eta adostasuna bultzatzeko Gobernuak inolako asmorik erakutsi ez duelako.

·         proiektu honen funtsa alde bakar baten ikusmolde politikoan erabat oinarrituta dagoelako eta ez irizpide pedagogikoetan.

·         terrorismoaren aurkako borrokara eta biktima batzuk bakarrik ikasgeletan presente egitera murrizten duelako Bakearen eta Giza-Eskubideen aldeko hezkuntza.

·         biktimekiko tratamendu asimetrikoa eta haien erabilera politikoa bultzatzen duelako.

·         elkarrizketa, parte-hartzea, bizikidetza, bakea eta adiskidetzea bezalako baloreak lantzen urteak daramatzaten irakasleak susmopean jartzen dituelako.

·         aldez aurretik gizartean gutxieneko adostasunik egon gabe, gatazka eta liskarra eskolara bideratzen duelako.

Eskola Kontseiluak egindako txostenarekin guztiz bat ez badator ere, ELAk uste du bere argudioetako batzuk jasotzen dituela eta Jaurlaritzaren kritika zorrotza dela, bai erabili duen prozedurari buruzkoa, bai edukiei buruzkoa. Eskola Kontseiluaren txostenean azpimarragarriak dira, besteak beste,  honakoak:

·         proiektu honek izan duen parte-hartzea eta jaso duen onarpen-maila ez direla nahikoak egiaztatzen du eta izaera politikoa duen Plan bat denez, adostasun-maila handia eta izpiritu integratzaile batez egindako testua behar duela hezkuntza arloan ezarri ahal izateko.

·         daukan ikuspegi murriztailea eta partziala dela eta, ez da garbi geratzen, Eskola Kontseiluaren iritziz, proiektu honek aurreko plana guztiz edo zati batean bakarrik ordezkatzen duen

·         “indarkeriari legitimazioa kentzea” esaldia erabiltzeak hezkuntza-komunitateak orain arte gai honetan izan duen jarrera susmopean jar dezakeela ohartarazten du.

·         biktimen lekukotasuna baliabide baliotsua (ez, helburua) izan daitekeela uste du, baina beti ere haren egokitasuna irizpide pedagogikoetan eta aniztasunezkoetan oinarritzen bada, ikastetxeek izan behar dutelarik zehazten dutenak ekintzak, metodologiak, denboralizatzeak eta baliabide egokienak.

·         Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma ezartzen duen Dekretuaren arabera, biktima kontzektua proiektu honetan agertzen dena baino zabalagoa dela gogorarazten du.

·         ikastetxeek bizikidetzarako hezkuntzaren arloan daukaten eskarmentua proiektuak kontuan hartzen ez duela adierazten du.

·         aurreko planari egindako ebaluazioaren emaitzen azterketa falta du egitasmo honek.

Euskadiko Eskola Kontseiluaren balorazioa hau izanik, ELAk ondorioztatzen du Kontseiluaren txostenak argi eta garbi adierazten duela plan honek birplanteamendu bat behar duela eta, horrenbestez, exigitzen dio Jaurlaritzari proiektu hau bazter utz dezan eta prozedura berri bat ireki dezan eskola-komunitatearekin, hezkuntza- eta gizarte-eragileekin eta Bakearen eta Giza-Eskubideen alde lanean ari diren erakunde guztiekin haien parte-hartzea bermatu eta haien iradokizunak eta ekarpenak kontuan hartuak izan daitezen, aurkeztutako planak dauzkan gabezia larriak gaindituko dituen eta adostasun-mailarik handiena jasoko duen plan bat gauzatu ahal izateko.