Eskoletako garraio eta jolastokietan azpikontratatutako laguntzaileek euren soldata Hezkuntzako zuzeneko langileekin parekatzea lortu dute

Eskoletako garraio eta jolastokietan azpikontratatutako laguntzaileek euren soldata Hezkuntzako zuzeneko langileekin parekatzea lortu dute
ELAk Hezkuntza Sailaren mendeko eskola-garraioko begiraleen eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen berria sinatu du. Hitzarmen honek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileei eragiten die, eta 2023ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Beste hobekuntza batzuetan, % 100eko soldata-parekatzea aurreikusten du, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera lan-kontratuko langileei dagokienez.

21/22 ikasturtean, soldata-taula urtez urte berrikusi eta aplikatuko da, eta ikasturtez ikasturte egiteari utziko zaio. Horrek, orain arte, soldata-berrikuspenak bederatzi hilabetez atzeratzea zekarren. Aldaketa horrek, gainera, bi soldata-berrikuspen eragingo ditu ikasturte horretan: lehena, % 99ra 2021eko iraila-abendua artean, eta bigarrena, % 99,5era 2022ko urtarriletik ekainera, aldi bakoitzean lan-kontratudun langileek indarrean dituzten taulen arabaera.

Hitzarmenak osagarri bat jasotzen du, non atzerakinengatik sortutako zenbatekoak sartu baitira, 2021eko irailetik 2023ko ekainera bitarteko 20 hilerokotan jasoko dena. Antzinatasunik gabeko 2 orduko lanaldian, hilean ± 51 € izango dira.

Hitzarmenak, gainera, beste hobekuntza batzuk ere badakartza, hala nola birkokatzearen edo kalte-ordainaren artean hautatzeko eskubidea, zerbitzua kentzen bada; lanpostu hutsak eskaintzea, antzinatasunaren arabera, zentro bakoitzean; ordezkapen-poltsak sortzea eskualdeka; norberaren aukerako 2 egun; 10 eguneko eszedentzia zatikatua, bi alditan; 18 urtetik beherako seme-alabak medikuei laguntzea.

Bi ikasturtetan lortzen den soldata-parekatzea, osagarria ordaintzea eta gainerako edukiak positiboki baloratu dituzte hiru herrialdeetan izandako bilera sektorialetako ordezkariek; izan ere, sinadura horren bidez, sektoreak ezarritako helburuetako bat lortu da: soldatak lan-kontratuko langileekin parekatzea.

Hala ere, ELAk lanean jarraituko du zerbitzu publikoko baina pribatizatutako sektore baten lan-baldintzak hobetzeko, nagusiki feminizatuta eta baldintza kaskarretan, non lanaldi oso murriztuekin lanaldi partzialak izatea baita arau orokorra.