Trafiko eskumena Nafarroan

Eskualdaketa baliogabetzeak Nafarroaren eta Estatuaren artean aldebikotasunik ez dagoela agerian uzten duela salatzen du ELAk

2024/02/21
ELAk Foruzaingoak eskumenak bere gain hartzearen alde egiten du, plantilla handituz, baina Guardia Zibila bezalako talde militar bateko agenteak sartu gabe.

ELAk salatzen du trafiko eskumenen eskualdatzea baliogabetzea autogobernuaren aurkako beste eraso bat dela. Eta honek, Nafarroaren eta Estatuaren artean aldebikotasunik ez dagoela erakusten du: beste behin ere herritarren gehiengoaren borondatea ukatu da interes zentralisten alde, kasu honetan Auzitegi Gorenaren epai baten bidez, guardia zibilen talde baten errekurtsoari erantzuten diona. Horretarako, Auzitegiak kontraesanean jarri du Gorenaren 2018ko jurisprudentzia, eskumen historikotzat jo baitzuen trafiko eskumena.

Nafarroako Gobernuak trafikoko eskumenak lortzeko orain abiatuko duen bidea alde batera utzita, gogora ekarri behar da Miguel Sanzen garaitik Estatuak eskumenaren eskualdatzea iragarrita duela. 2000. urtean lehen akordio bat egin zen (Aznarrekin), eta ia Foru Exekutibo guztiek iragarpen ofizialak egin ondoren (Uxue Barkosek 2018an, Chivitek 2019an, EAJk Sanchezen inbestiduraren truke iragarri zuen, eta EH Bilduk Kongresuan 2023ko aurrekontuak babestu ondoren). Hala ere, ez da inoiz akordio horietako bat bera ere bete, ezta Nafarroako Parlamentuak (PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta I-Eren aldeko botoekin) Guardia Zibilaren 149 agenteak Foruzaingoari atxikitzea onartu ondoren ere, soldata osagarriak Nafarroako agenteen ordainsarien gainetik mantenduz.

ELAk beti defendatu du Nafarroak eskumen hori bere gain hartzea, baina Foruzaingoaren plantilla handituz, eta ez Guardia Zibilaren integrazioaren bidez, izaera militarreko estamentu bat. Trafikoaren eskumena bere gain hartzeak urrats bat izan behar du Foruzaingoaren garapen integralerako, zeinak polizia ereduari buruzko eztabaida bati ekin behar dion. ELAk Foruzaingo profesional baten alde egiten du, izaera zibilekoa, genero ikuspegia duena eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen dituena.