Eskubide ezak diskriminazioa eta esplotazioa dakar

2009/12/18
Nazioarteko Etorkinen Egunean, Abenduaren 18an, ELAk salatu egin du Atzerritarren Legearen azken erreforma, eta gogoratu du lan merkatuan eskubiderik ez izateak atzerritarren diskriminazioa eta esplotazioa errazten dituela.

ELAk gogoratu egin nahi du abenduaren 18 honetan, etorkinen nazioarteko egunean, langile guztioi eragiten digun krisiak are latzago kolpatzen dituela kolektiborik ahulenak: gazteak, emakumeak eta, bereziki, etorkinak.

Sindikatuak nabarmendu nahi du kolektibo honi apenas aitortzen zaizkiola bere eskubideak, eta ‘paperik gabe’ dauden atzerritar guztiek etengabe jasan behar dutela abusuzko eta xantaia egoera; euren irtenbide bakarra bizimodu klandestinoa eta ezkutuko ekonomia dira.

Aldi baterako lan-baimena duten pertsonek ere gutxienez urte erdiz kotizatu behar dute egoera administratibo irregularrean ez jausteko; honek jazarriak edo egotziak izateko arriskua dakar.

ELAk gogoratzen du erabaki berri den Atzerritarren Legearen erreforma, zortzi urtetan laugarrena, bi asmorekin ezarri dutela. Lehena, etorkinek eskubide soziolaboralak izateko oztopoak gehitzea (bizitzeko eta lan egiteko bisa lortzeko zailtasuna, senideak biltzeko muga estuagoak...), eta bigarrena, kolektibo honen aurkako politika errepresiboa gogortzea (elkartasuna kriminalizatzen du; atxilotuta egon daitezkeen epea 40 egunetik 60ra luzatzen du; adin txikikoak errepatriatzeko aukera errazten du, etab.).  

Argi dago, beraz, Espainiako Gobernuak interes handirik ez duela etorkinen integrazioa bultzatzeko. Beraz, aurrerantzean ere, orain arte bezala, immigrazio politika ekonomiaren eta merkatuen interesen arabera egingo dute, eta pertsonen eskubideak baztertuta geratuko dira.

Hori guztia ikusirik, ELAk abenduaren 18ko egun hau baliatu nahi du Atzerritarren Lege horren aurkako jarrera agertzeko, eta indarrik gabe gera dadila eskatzeko; pertsona guztientzako eskubide guztiak aitor daitezela exigitzeko, edozein dela ere beren jaioterria, eta instituzioek daramaten immigrazio politika goitik behera alda daitezela eskatzeko.