Eskubide kontu hutsa (Lesbiana, gay eta transexualen Nazioarteko Eguna)
Landeia 126 (Editoriala)
Sexu bereko lagunen arteko ezkontza ahalbidetuko duen legearen iragarpenak asaldatu egin ditu Espainian hain sasoiko darraiten indar integristak. Argi geratu da berriz ere hierarkia katolikoak ez diola uko egiten gizarte zibila bere erara antolatzeari eta ez duela onartzen antolaketa horri buruz dituen iritzi eta ikusmoldeak iritzi eta ikusmolde baino ez direla. Salatu beharrekoa da, gainera, pertsona homosexualen errebindikazioak baloratzeko orduan erabili ohi diren aurreiritzi iraingarriak (haurrak adoptatzeko aukeraren inguruak azaldutakoak, bestek beste), pertsona homosexualek orban moral kutsakorra aldean baleramate bezala.
ELArentzat gai honetaz ari garenean funtsean giza eskubideetaz ari gara eta ez hainbeste aipatzen den ezkontzaren "berezko" muinaz edo egituraz, ezkontza instituzio historiko eta kulturala baita, eta sendia eta sendi harremanak molde desberdinetan antolatu izan dira garaien eta lekuen arabera. Beraz, gaia pertsona ororen askatasun eta duintasunaren errespetutik, eta guztiok dugun eskubide berdintasunaren ikuspegitik aztertu behar dela uste dugu. Eta ikuspegi honetatik gizaki nahiz gizarteko kide gisa pertsona orok (bere arraza, jatorri, sinesmen edo jarrera sexualak direnak direla ere) beste ororen mailan eskubide osoko pertsona izateko eskubidearen alde egitea besterik ez dagoela uste dugu, eskubide osoko familia eratzeko aukerari dagokionez, baina baita, ondorioz, lanarekin, gizarte babesarekin edo zergekin zerikusia duten eskubideei dagokienez ere. Hitz batez, bazterketa eta zapalkuntzaren aurrean berdintasunaren eta askatasunaren alde egin beste aukerarik ez dago.
Hortaz, Espainiako legebiltzarrak esku artean duen legea mugimendu gay eta lesbikoaren garaipen handitzat hartu behar da, militante askoren urtetako borroka luze eta latzari zor zaion garaipena. Urrats garrantzitsu honek ez du, halere, dena egina dagoenik esan nahi, ez eta gutxiagorik ere, homofobia oso barneratuta baitago gizartean. Lan munduan ere nabaria da aurreiritzi homofoboen eragina, langile homosexual askok oraindik ere bere izaeraren alde hori isilpean gordetzea nahiago izateraino.
Sindikatuak ere badu zeregina auzi honetan. Egia da hainbat hitzarmenetan sexu bereko bikoteen eskubideak onartu direla, baina gehiago ere egin beharra dago, eskubideen mailan eta, batez ere, kontzientzia eta jarrera mailan, normala dena normaltasunez hartua izan dadin lortzeraino. ELAk, sindikatu nagusia izateak ematen dion erantzukizuna hartuz, erabakitasunez heldu behar dio duintasunaren aldeko eta bereizkeriaren aurkako langintza honi.