Espainiako gobernuak enpleguaren suntsiketa eta erosteko ahalmenaren galera mantenduko du sektore publikoan

2017/09/21
ELAk eskatzen die euskal alderdi politikoei, zerbitzu publikoen desegitea dakarren Estatuaren Aurrekontu Lege proposamen honi babesik ez ematea. Bestetik, Estatu espainiarrak ezarritako jarraibideak ez betetzeko deia egiten die sindikatuak euskal erakundeei.

ELAk parte hartu duen gaurko Estatuko Administrazio Publikoetako Mahai Orokorraren bileran, argi geratu da berriro ere elkarrizketa sozialaren eduki hutsala eta mobilizazioaren beharra. Euskal administrazioetako langileek %35etik gorako behin-behinekotasun tasa dute, erosahalmenaren %15 baino gehiago galdu, eta lan-karga handiagoak dituzte, milaka lanpostu suntsitu baitira. Estatu Espainiarreko Gobernuak egindako proposamenak ez die konponbidea ekarriko zerbitzu publikoen arazo horiei, eta zerbitzuen kalitatea hondatuz joango da.

Birjarpen-tasak mantentzeak lanpostuak galtzen jarraitzea ekarriko du. Gainera, soldata-igoera finkoak ez du ziurtatuko ezta datorren urteetan erosahalmena mantentzea ere.

Espainiako Gobernuak, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen babesarekin, negoziazioaren aurretiazko bileretan parte hartzeko eskubidea ukatu dio ELAri, Euskal Administrazioetan gehiengo ordezkarirza duen sindikatuari. Hori dela-eta, negoziazio horretan Euskal Herriko langileak ordezkatzeko eskubidearen defentsan ELAk auzitara joko du.

Hego Euskal Herriko administrazioetan diharduten langileei lan- eta enplegu-baldintzak gure esparruan erabaki ahal izatea defendatu du ELAk gaurkoan.

ELAk eskatzen die Urkulluren eta Barkosen gobernuei, Euskal foru-aldundiei eta toki-erakundeei haietako bakoitzaren erabakitze-esparrua zaintzeko eta Espainiako Gobernuaren jarraibideak ez betetzeko. Aldi berean, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei beren botoez Estatuko Aurrekontu Lege proiektu hau ez ahalbidetzeko eskatzen die. Bestela, gure herriko zerbitzu publikoetara ondorio larriak ekarriko dituzten erabakietan partaide izango dira.

Gasteizko eta Iruñako Gobernuek gastu-erregela onartu izana bera oso aurrekari larria da, zerbitzu publikoen pisua gutxituko baita berriro ere, nahiz eta gurean,enplegatu publikoen koopurua Europako Batasunaren batez besteko enplegu publikoa baino, %50 gutxiago izan.

Gure erakundeei negoziazio-prozesuak hasteko eskatzen diegu, gehiengo sindikalarekin adostutako EPEak eta enplegua finkatzeko prozesuak lehenetsiz, plantillaren egitura-beharrizan guztiak modu egonkorrean betetzeko, eta suntsitu den enplegu publikoa berreskuratzeko. Era berean eskatzen diegu herri-langileen erosahalmena eta eskubide sozio-laboralak berreskuratzeko.

Azkenik, mobilizazio-bidetik jarraitzeko deia egiten diegu langileei; izan ere, orain arte kendu dizkiguten enplegua eta baldintza sozio-laboralak berreskuratu nahi baditugu, ez dago beste biderik.