ETXEBIZITZA LEGEA

Espainiako Gobernuak, EH Bilduk eta ERCk adostutako Legeak ez du konponduko etxebizitza eskuratzeko arazoa

2023/04/18
ELAk uste du Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk eta ERCk lortutako akordioak ez dituela jasotzen behar beste neurri alokairuko etxebizitzen prezio altuei aurre egiteko, hipoteken igoera gelditzeko edo alokairuko etxebizitza publiko faltaren arazoa konpontzeko ere. Sindikatuak positibotzat jo du alokairuaren prezioaren igoerak mugatzea -2023an igoera %2ra mugatuko litzateke; 2024an %3ra; eta 2025etik aurrera igoera mugatuko duen indize bat sortuko litzateke-, baina gogorarazi du arazo nagusia dela dagoeneko prezioak inoiz baino altuagoak direla: 1.000 euro, batez beste, etxe bat alokatzea EAEn, Eusko Jaurlaritzak higiezinen eskaintzari buruzko estatistikaren azken datuaren arabera. “Igoera mugatzeak ez ditu egungo gehiegizko prezioak aldatuko: ez dira izoztuko, ezta jaitsiko ere”. ELAk kezkagarritzat jo du ezkerrak, bereziki EH Bilduk, lege bat adostu izana, adostutakoa urria dela jakinda (urrats txiki bat dela esan du Mertxe Aizpurua bozeramaileak) eta Hego Euskal Herrian eragin txikia izango duela jakin arren. Bestetik, EAJren jarrera salatu du sindikatuk. “Ez ditu onartu nahi lege proiektu honek dakartzan hobekuntza txikiak ere. Ez da ausartzen esatera etxebizitza negozio gisa ikusten duela, ez eskubide gisa. EAJk dio ez direla eskumenak errespetatzen autonomia erkidegoek neurri jakin batzuk hartzeko gaitasuna baino ez dutelako izango. Badirudi alokairuen prezioaren igoerari muga jartzea ere ez duela begi onez ikusten”.

Sindikatuak ezinbestekotzat jot du legean premiazko neurriak sartzea, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea bermatzeko eta alokairuaren prezioen benetako murrizketa aplikatzeko, ez bakarrik tentsiopeko eremuetan, baita udalerri eta hiri guztietan ere. Horrekin batera, beharrezkoa iruditzen zaio etxebizitza hutsen parkea mobilizatzea eta alokairu soziala sustatzea, langileek etxebizitza bat eskuratzeko aukera izan dezaten. Gogoratu behar da etxebizitza arloko eskumena autonomia erkidegoen esku dagoela, beraz, autonomia erkidegoen borondatearen araberakoa da lege hori aplikatzea ala ez

Gainera, alokairuen muga tenkatutako zonetan soilik aplikatuko litzateke. Akordioaren berritasun bat da eremu horien barruan prezioak mugatu ahal izango zaizkiela edukitzaile handiei zein txikiei. ELAk askotan esan du alokairuen mugak ez direla tenkatutako guneetan bakarrik ezarri behar, alokairu guztietan baizik.

Gainera, Autonomia Erkidegoen esku egongo da tenkatutako zonaldeak deiturikoak ezartzea, hau da, azken urteetan alokairuaren prezioek igoera handiak izan dituzten eremuak izendatzea. Gainera, erkidegoek ezarriko dute edukitzaile handi izendatzeko zenbat jabetza izan beharko diren. Aurreproiektuak ezartzen zuen hamar etxebizitza izan behar zirela, baina akordioak aukera ematen du etxebizitza horiek bostera murrizteko. Legeak bide horretan neurriak hartzeko ahalmena ematen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. EAEren kasuan, ez dirudi Eusko Jaurlaritzak lege hori aplikatuko duenik, eta, Nafarroaren kasuan, iaz onartu zen oso antzeko lege bat, ELAk jada gutxiegitzat jo zuena.

Lege berriak bestelako ondorio kaxkarrak ere izan ditzake alokairuei dagokienez. Adibidez, etxebizitzan hobekuntzak egiten badira (txikiak izan arren), prezioa %10eraino handitu ahal izango da. Beste adibide bat da proiektuak sasoiko alokairuekin jarraitzeko aukera ematen duela: etxebizitza hilabete gutxi batzuetarako alokatu daiteke, mugarik gabeko prezioak handituz eta maizterra gero kaleratuz. Azkenik, legeak ez du baimentzen aurreko kontratuaren prezioa gainditzea. Hala ere, legearen idazketak maizterrak kanporatzea sustatu dezake, maizter berriek oso zaila izango luketelako aurreko kontratuaren prezioa zein zen jakitea.

Aurreproiektuak ezartzen zuen bezala, alokairuaren prezioa jaistea erabakitzen duten jabeek hobariak izango dituzte PFEZaren tributazioan, eta, horrela, mesede egiten die etxebizitzen errentekin negozioa egiten dutenei.

Halere, akordioak baditu alde onak, sindikatuaren ustez: jabeek beren gain hartu beharko dituzte higiezinen agentzien zerbitzuaren gastuak, eta ez maizterrek, orain gertatzen den bezala. Etxegabetzeei dagokienez, debekatuta daude datarik eta ordurik ez dutenak, eta luzapenak sartuko dira kaleratze prozeduretan.

Hala ere, sindikatuak uste du anbizio handiagoa izan behar zuela ildo horretan, familia kalteberen etxegabetzeak debekatuz bizitzeko alternatibarik gabe edo edukitzaile handiak behartuz familia kalteberei alokairu soziala eskaintzera, kaleratu aurretik.

“Laburbilduz, etxebizitza politiken eredua aldatuko ez duen legea da, betiere eraikuntzaren eta finantzen lobby-en mende, eta merkatuaren logikaren barruan. Etxebizitza eskuratzea eskubide bat da, baina lege horrek ez du eskubide hori gauzatuko, ezta gutxiagorik ere”, dio ELAk.