Espainiako Gobernuak hemen negoziatutako hitzarmenei lehentasuna ematea euskal langileen garaipen handia da

Espainiako Gobernuak gaur onartu duen dekretuaren arabera, Hego Euskal Herriko hitzarmenek lehentasuna izango dute Estatuko hitzarmenen aurrean. ELAren ustez, erabaki hori garaipen garrantzitsua da eta urteetan euskal langileek egindako borroken ondorioa da. Dekretu hau bihartik aurrera indarrean izango da eta Espainiako Kongresuan berretsiko balitz, Hego Euskal Herriko langileei aukera emango die Espainiako sindikatu eta patronalek adosten dituzten hitzarmenak hobetzeko.
Gogora ekarri behar dugu, adibidez, jantoki kolektiboen alorrean CCOO, UGT eta Espainiako patronala Estatuko hitzarmenaren bitartez Hego Euskal Herriko milaka langileren, gehienak emakumeak, soldatak %50 murrizten eta lanaldia 70 ordutan handitzen saiatu direla.
Iazko lan erreformari aurre egiteko ELAk bi arrazoi nagusi izan zituen. Batetik, Espainiako Gobernuak 2012ko lan erreformaren elementu kaltegarrienak mantendu zituen, bereziki kaleratzeekin lotutakoak. Eta, bigarrenik, Espainiako Gobernuak uko egin zion Euskal Herriko langileek beren hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatzeari. ELAk orain urtebete bere prestutasuna azaldu zuen lan erreforma horren aurrean greba orokorra deitzeko. Gaurko erabakia ez dago ulertzerik orduko jarrerarik gabe.
ELAren ustez, poztekoa da EAJk gai honetan euskal langileen aldarrikapenei entzun izana eta Espainiako Gobernuarekin izandako negoziaketetan Euskal Herriko langileen lan baldintzei lehentasuna eman izana. ELAk gogora ekarri nahi du 2011n, Zapatero gobernuan zela, Estatuko hitzarmenei lehentasuna eman zitzaiela eta gaurko akordioaren ondoren, 2017an ELAk Confebaskekin adostutako EAEko Lanbidearteko Akordioari segurtasun juridikoa emango diola.
Era berean, ELAk EAJri eta EH Bilduri eskatzen die sektoreko publikoko langileen aldarrikapenei erantzun diezaietela. Gaurko greban langile publikoek beren soldatak eta enplegu publikorako eskaintzak gure administrazioetan erabakitzea aldarrikatu dute. Espainiako gobernuarekin izaten diren harremanetan langile publikoen lan baldintzak Euskal Herrian erabaki daitezela ezinbestekoa izan dadila exijitzen du ELAk.
Gaurko dekretuan Espainiako Gobernuak beste hainbat neurri hartu ditu. ELAk neurri horiek guztiak aztertuko ditu eta horiei buruzko balorazioa egingo du hurrengo egunetan.