Espainiako gobernuak herri-administrazioetan eutsi egiten dio enplegua suntsitzeko eta erosteko ahalmena okertzeko inposizioari

2013/09/27
ELA estatu mailako Herri-Administrazioen Mahai Orokorreko bileran izan da; bertan errepikatu egin dute lanpostuak osatzeko debekua, erretiro, heriotza edo baja kasuetan, eta beste urtebetez soldata izoztuko dela iragarri dute; honen ondorioz 2010etik hona soldatek ia %22ko galera pairatu dute.

 

ELAk espainiar gobernuari galdegin dio lasterketa austerizida honi amaiera eman diezaiola, kohesio sozialeko esparru oro txikitzen ari baita; azken urteotan galdutako eskubide laboral eta sozial guztiak berreskura ditzala, eta Hego Euskal Herriko administrazioetan lan egiten duten langile guztiei utz diezaiela gure esparruan izan beharreko lan-baldintzei buruzko erabakia hartzen.

Erabakiokin zerbitzu publikoei eta beroietako beharginei egiten ari zaizkien murrizketak finkatu egiten dira. ELAk, aldiz, zerbitzu publikoak garatzeko hautua egin du, izan ere, enplegatu publikoen ahaleginaz beste ez baitira gutxieneko kohesio sozialari eusteko gauza. Espainiako gobernuak erabilera libreko egunbete itzultzeko gozokia saldu nahi izan digu, baina murrizketa hau iceberg handi baten muturra besterik ez da.

Bestalde, ELAk exijitzen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Foru-Aldundiei eta tokiko erakundeei defendi dezala nork bere erabakitzeko esparrua, eta inposizio hauei ez diezaietela men egin. Beste behin, gure botere publikoek erabaki egin behar dute politika sozialen transmisio-uhal huts izan nahi duten ala, kontrara, gizartearen aldeko apustua egingo duten.

Azkenik, langileei dei egiten diegu mobilizazioetan jarraitzeko; hau da geratzen den bide bakarra, ebasten ari zaizkigun baldintza laboral eta sozial guztiak berreskuratu nahi baditugu behintzat.