Espainiako legediak EAEn milaka lanpostu suntsitzea ekar dezake

2016/12/27
Espainiako legediak EAEn milaka lanpostu suntsitzea ekar dezake
Espainiako Gobernuak Ertzaintzako 26. promozioa errekurritzeak eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak jardunaldiari buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretua deuseztatu izanak autogobernua erabateko prekarietatean utzi dute. ELAk Eusko Jaurlaritzari zerbitzu publikoen eta bere lanpostuen defentsan aldebakarreko bidea has dezala galdatzen dio.

Espainiako Gobernuak euskal arauei ezarritako errekurtsoek argi erakusten dute gure autogobernuaren muga. Ezin da autogobernuaz hitz egin Gobernuak ezin duenean erabaki zerbitzu publikoak nola antolatu, bere aukera bakarra Madrilen hartutako erabakiak kudeatzea denean. Espainiarekiko aldebikotasunaz hitz egiteak autogobernuan ematen ari diren atzerapausoei laguntza ematea besterik ez dakar.

Erabaki hauek Europarekiko aurrekontu konpromisoen aitzakiaz hartu dituzte, Eusko Jaurlaritza defizitaren betetzean ikasle zintzo-zintzoa izan arren. Hala ere, aurrekontu diziplina zintzo-zintzo betetzeko obsesioak gutxieneko autonomia politiko bat irabazteko ere ez dio balio izan.

Epaiaren eta errekurtso berriaren ondorioak oso larriak dira. 2013an inposatutako jardunaldi igoerak 1481 lanpostu suntsitzea ekarri zuen Osakidetzan, Deloittek egindako auditoria baten arabera. Horri Ertzaintzako 250 lanpostu suntsitzea gehitu behar dizkiogu. Zentzu honetan, gogorarazi nahi dugu EAEn Europako Batasunarekiko enplegu publikoaren proportzio defizita 10 puntukoa dela biztanleria aktiboarekiko.

Eusko Jaurlaritzako langileen behin-behinekotasun tasa %35ekoa da. Hurrengo 10 urteetan egungo langileen erdia jubilatzea aurreikusten dugu. Gure plantillen ordezkapena eta erreleboa planifikatzea debekatzen ari dira eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak EAEko zerbitzu publikoak kolapsoaren atarian jarri ditu.

Era berean, ELAk 35 orduko lan-jardunaren deuseztatzearen larritasuna azpimarratu nahi du. Jardunaldi hori 1999ko maiatzaren 21ean egindako Greba Orokor baten ondorio izan zen eta berreskuratu badugu azken urteetako mobilizazio ezberdinengatik izan da, grebak barne. Neurri honek eragingo duen enplegu suntsiketak eta lan-baldintzen okertzeak berriz ere gatazkara eramango gaitu zerbitzu publikoetan.

Eusko Jaurlaritzako langileek jadanik zigor asko jasan dituzte azken urteetan. ELAk gogorarazi nahi du Eusko Jaurlaritza dela egun, defizit helburuak nota onarekin betetzeko helburuarekin, 2012an kendutako aparteko ordainsaria itzuli ez duen administrazio bakarra, eta ez duela Itzarrirako ekarpenik egiten Espainiako legediak aukera eman arren.

ELAk Eusko Jaurlaritzari Mahai Orokorra deitzeko eskatzen dio, bertan 35 orduko jarduna mantentzeko eta Ertzaintzako 26. promozioa ebazteko neurri eraginkorrak ados daitezen.

Autogobernua indartzeko aldebikotasunaren bidea indartzeak, ELAren ustez, gero eta botere politiko gutxiago kudeatzea onartzea dakar. Estatuko atzerapausoekin azken urteetan gertatutakoa hau izan da, hain zuen, Eusko Jaurlaritzaren aldetik inolako erantzunik egon ez arren.

ELAk argi du Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Estatuarekiko edozein konfrontazio demokratikori; uko egite honek ondorio larriak ditu gizartearen osasunean, hezkuntzan edo segurtasunean, baita administrazio publikoetako enpleguan eta langileen lan-baldintzetan.





Euskal Herrian, 2016ko abenduaren 27an.