gutxieneko soldata
Espainiako Ministro Kontseiluak onartutakoak ez du Europako Gutun Sozialak ezarritako gutxienekoa bermatzen

Espainiako Kontseilu Minitroak gaur onartuko du 1.080 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata. Ondorioz, Hego Euskal Herriko langileen gutxieneko soldata Europak ezarritako batez besteko soldataren langaren azpitik kokatuko da, eta erosahaleman galtzen jarraituko dute.
Gogoratu dezagun Europako Gutun Sozialak honakoa gomendatzen duela: gutxieneko jornala batez besteko soldataren %60tik gora kokatu behar da. Espainiar Estatuak 2021ean sinatu zuen nazioarteko akordio hori, eta Ministerioak, patronalak eta Estatuko sindikatuek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata horren arabera eztabaidatu dute. Azkenean, CCOO eta UGTren babesarekin egin du aurrera.
Espainiako Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak ez die erantzuten Hego Euskal Herriko langileen beharrei, batez besteko soldataren %60 1.400 eurokoa baita hemen. Gainera, enpresak irabazi oso handiak izaten ari dira eta KPI handiak bereziki eragiten die soldata txikiak dituzten langileei. Ondorioz, ez da onargarria %8ko gutxieneko soldata igoera, elikagaien prezioa %15 hazi bada.
Kontuan izan behar da gutxieneko soldata jasotzen duten langileen %40 inguru etxeko langileak direla, ia guztiak emakumeak. Gutxieneko soldata hemendik aurrera Espainiako batez besteko soldataren %60rekin mugatzeak ekarriko du emakume horiek pairatzen duten soldata arrakala betikotzea, orokorrean, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jasotzen duten langileak pobreziara kondenatzea. Unidas Podemos oposizioan zela, gutxieneko soldata %22 handitzea adostu zuen gobernuarekin. Unidas Podemos gobernuan denetik eta igoerak Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adosten direnetik, igoerak askoz ere txikiagoak dira. Are gehiago, azken bi urteotan gutxieneko soldatak %0,6ko erosahalmena galdu du.
ELAk exijitzen du gutxieneko soldata lurralde bakoitzaren egoeraren arabera ezar dadila. Besteak beste, EAEn gutxieneko soldata aplikatzen zaien 55.000 langileek (ez dago Nafarroako datu ofizialik) Hego Euskal Herrian bizitzeko moduko soldata behar baitute.