Espainiar estatuko erakundeek euskal presoekin ohiz erabiltzen dituzten espetxe-kodeak indargabetu egin behar dira

2013/10/21
ELA poztu egin da Giza-Eskubideen Auzitegi Europarrak espainiar Gobernuaren errekurtsoa aintzat ez hartzea erabaki duela jakinda; izan ere, horrela behin betiko finkatuta geratu baita zigorrak luzatzen dituen Parot doktrina delakoak Giza-Eskubideen Europar Ituna urratzen duela.

ELAren ustez epai hau zuzenbidearen araberakoa da, euskal gizarteko gehiengoaren iritziarekin bat dator eta agerian uzten du espainiar estatuaren espetxe-politikak gizalegetik ezer ez duela; politika horren oinarria mendekua eta arerio politikoaren jazarpena besterik ez da izan. Horregatik, ELAk eskatzen du Ines del Rio berehala aska dezatela, baita zigorrak luzatu izan zaizkien beste espetxeratu guztiak ere, eta kalteordaina eman diezaietele hain denbora luzez jasan dituzten kalte moral atzeraezinengatik.

Epai hau euskal gizartearen zati handi batentzat lorpen handia da, ez baitio amore eman presoen giza-eskubideak aintzat hartzeko aldarrikapenari. Espainiar estatuko erakundeek euskal presoekin ohiz erabiltzen dituzten espetxe-kodeak indargabetu egin behar dira; zigorren luzapena amaitu beharrekoa da; gaixorik dauden presoak askatu egin behar dituzte, eta sakabanatze politika ere bertan behera geratzea ezinbestekoa da.

Dena dela, epai honek ez du soilik espetxe-sistema eta botere exekutiboaren jokabidea auzitan jartzen. Gogoratu behar baita botere judizialeko goi-erakundeek ere, hala nola Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak, doktrina hori onetsi egin zutela -beren baitan aurkako iritziak izanagatik- eta, horrenbestez, askatasun eta segurtasun printzipioak alde batera utzi zituztela. ELAk uste du, ondorioz, itun antiterrorista behin betiko indargabetzeko unea dela; helduleku politiko horrek babestu eta bultzatu baitu hainbat astakeria esparru judizial zein exekutiboan, besteak beste, Barne ministroak aipatu zuen “ingeniaritza juridikoaz” baliatzeko borondatea, auzitegi europarraren epai hau estatuan aplika ez dadin.

ELAk elkartasunezko agurra helarazi nahi die doktrina hau pairatu duten presoei eta hauen senideei, eta espero du lehenbailehen kalean egotea.

ELAk bere afiliatuei dei egiten die gaur iluntzean Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste herrietan izango diren manifestazioetan parte har dezaten.