Espaniako gobernuak interes pribatuak argentinar hirritarren aurretik jarri ditu
ELAk gogorarazten du YPF enpresa publikoa izan zela 1922an sortu zenetik 1992an pribatizazio prozesua hasi zen arte. Prozesu hau 1999an bukatu zen Repsolek YPFren akzioen gehiengoa lortu zuenean (gaur egun %57 inguru).
Titularitate aldaketa hau Menem-en Gobernuak bultzatu zuen, eta orduan egin ziren egiturazko aldaketa sakonen artean kokatzen da. Orduan erretiro planak pribatizatu, eta lan-merkatuko erreformek eta bestelako aldaketek 2000 urteko krisi gogorrera eraman zuten Argentina.
Gutxiengo baten mesedetan egiten diren politika neoliberal hauek, gaur egun Europan aplikatzen ari direnak dira, jendearen lan-eskubideak eta eskubide-sozialak suntsituz.
Rajoyren gobernuaren jokaerak eta nazionalizazioaren aurka daudenek, argi uzten dute botere politikoa enpresa handien menpe dagoela. PP-ren gobernuak multinazional hau babesten du, zeinaren jabetzaren gehiengoa Estatu espainiarretik kanpo dagoen gainera.
ELAk adierazi nahi du YPFren nazionalizazioa egin daitezkeen eta egiten ari diren politiken adibidea dela, neurria kritikatzen duten Gobernuek aurrera eramaten ari diren murrizketei alternatiba emate aldera. Gizartearentzat politika onuragarriak dira, kasu honetan argentinarrentzat. Rajoyren gobernuak, horren ordez, enpresa pribatu baten interesak lehenesten ditu.