Espetxeetako ELAren sektore-batzordearen adierazpena
Espetxeetako ELAren sektore-batzordeak behin eta berriz salatu izan du Espainiako Gobernuak ETArekiko zerikusia izateagatik zigortuta edo akusatuta dauden herritarrekiko daraman espetxe-politika; sektore-batzorde honek dispertsioa amaitzea eta gaixotasun larri edo sendagaitzak dituzten presoak kaleratzea eskatu du, espetxeratuen sailkapena eta baldintzapeko askatasuna aplikatzerakoan irizpide ez arbitrarioak erabiltzearen eta, oro har, espetxeratutako guztien eskubideak gizalegez errespetatzearen aldekoa da.
Bestalde, espetxe-politika salatzeak ez du inoiz eragotzi sektore-batzorde honek "ELAko organo guztien moduan" ETAren bortizkeriazko estrategia salatu eta ekintza kriminalak gaitzesterik. Izan ere, "itun antiterrorista" izenekoak besterik esaten duen arren, ETAren aurkako jarrerak ez du ezinbestean PPk euskal gatazkari buruz daraman estrategia onartzea esan nahi, ez eta terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiaz hartzen den erabaki orori itsu-itsuan men egitea ere. Halaber, ez du esan nahi espetxeetako sektore-batzorde garen aldetik dagokigun esparruan ezartzen ari den politika onesten dugunik, zeinak jite errepresiboa azpimarratu eta politika horrek eragiten dituen herritarren oinarrizko askatatsun eta eskubideak urratzen baititu.
Hortaz, sektore-batzorde honek bere iritzia agertzeko askatasuna eta erantzukizuna hartzen ditu, eta ondorioz espetxe-politika aldatzea eskatzen du, gizalegezkoa izan dadin. Euskal gizartean gehienak bat datoz, bestalde, aldarrikapen honekin.
Gobernu espainolak bere jokabideaz sarri adierazten du ez dagoela presoen eskubideak aintzat hartu eta euren bizi-baldintzak hobetzeko prest. Horregatik, bere estrategia bakarra irtenbideak bilatzeko edozein asmo galarazi, gizartearen eskariei eta erakundeek egin dituzten adierazpenen zilegitasuna ukatu eta errepresioa gogortzea izan da, baita espetxeen esparruan ere. Zoritxarrez, estatuko oposizioko alderdi nagusia den PSOEk estrategia honekin bat egin du, eta legeriaren azken aldaketei "zigorrak betetzeko erregimena zeharo gaiztotu dituztenak", onespena eman die.
Esparru penalean eta espetxeei buruz azken hiletan izan den berebiziko lege-jarduera medio kartzela eredu jakin bat finkatu da "zeinaren ezaugarri mendekua eta samina diren", eta beste eredu batetik urrundu egin gaituzte, presoen baldintzak eta bizimodu egokiaz kezkatu eta pertsona diren aldetik duten duintasuna aintzat hartzen duenetik alegia, duintasun hau ez baita espetxeratzearekin batera galtzen. Espetxe ereduaren oinarria mendekua dela esateko bada arrazoi larririk: zigorrak era orokor eta irrazionalean luzatu dituzte, eta "oso-osorik" bete behar direla dioen printzipioa finkatu da; Juzgado Central de Vigilancia Penitenciaria izenekoa sortu dute, hots, beste "salbuespenezko epaitegi" bat gehiago, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak egitea debekatu egin dute; bide batez, EHU politika eta hedabideen esparruan kriminalizatu egin dute horrela.
Estrategia hau gauzatzerakoan Espainiako Gobernuak soilik adostasun jarrera otzanak onartu ditu, eta espetxe-eredu berriarekin ados ez zeuden langileen aurka jo du: arduradunak kargutik kendu, iritzia askatasunez adierazi dutenak zigortzeko espedienteak ireki eta bere aginduekin bat ez zetozen epaileen aurkako jazarpenari ekin dio, epaileen independentzia erabat urratuta.
Hau guztia dela-eta, espetxeetako sektore-batzorde honek herritarren eskubideak errespetatuko dituen espetxe-politika aldezten du, berdintasun eta proportzionalitate printzipioak urratzen ez dituen politika. Hori ezinezkoa da baldin eta espetxe-politika kolektibo jakin bat jazartzeko tresna bihurtzen bada, eskubide demokratikoen aldeko konpromisoa duten langileen aurka jotzen badute eta gizalegezko politika eskatzen duen gizarteari entzungor egiten bazaio.
Azkenik, espetxeetako ELAren sektore-batzordeak adierazpen hau baliatuz espetxeen administrazioa Euskal Herriko erakundeen esku uztea berriro eskatzen du, eta gai honekiko gertatzen ari den atzerakada salatu nahi du: batetik, ez baitzaie eskumen hau euskal erakundeei ematen; bestetik, espetxeetako arduradunek galarazi egiten dute euskal administrazioak dituzten kontsulta-organoetan sektore honetako langileen parte hartzea; horrela ezinezkoa egiten dute hauen lana gizarteratze sare normalizatuetan sartzea.
EUSKAL HERRIAn, 2003ko uztailean