Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioak
Estatu mailako hitzarmenak erre dituzte prekarietatea salatzeko

Hilaren 12, 13 eta 14an, zahar etxeetako langileek grebari ekin diote berriro, sektorean lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen probintzialaren alde borrokatzen jarraitzeko. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu du greba, erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa direla eta. Langileek hitzarmena negoziatzeko mahaiak martxoaren 15etik jasaten duen blokeoa, enpresen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen gelditasuna salatu dituzte.
Administrazioen eta enpresen gelditasun jarreraren aurrean, ELA eta LAB sindikatuek prentsaurrekoa eman dute patronalari dei eginez negoziazio mahaia desblokeatzeko, negoziatzera esertzeko, langileen aldarrikapenak entzuteko eta proposamenen baldintzak hobetzeko.
Ondoren, langileek manifestazioa egin dute hirigunetik, Maria Antonieta plazatik Andre Maria Zuriraino. Manifestazioa amaitzeko, langileek estatuko hitzarmenak su batean erre dituzte, hitzarmen hori eta baldintza horiek aplikatzeak dakarren prekarietatea salatzeko. Goizeko lehen orduan ere pikete informatiboak egin dira erresidentzietako sarreretan. Langileek manifestazioa egingo dute bihar, hilak 13, goizeko 10:00etan Plaza Barritik abiatuta, Olentzero eta Mari Domingirekin batera Foru Aldundian egingo den ekitaldi batekin amaituz, eta etzi, hilak 14, karabana auto bat egingo da Gazalbide egoitzatik goizeko 11: 00etan eta arratsaldean manifestazioa abiatuko da 18:00etan Plaza Berritik.
Eusko Jaurlaritzak ezartzen dizkigun gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eta ia egoitza guztietan gertatzen diren grebarako eskubid -urraketak kontuan hartuta, ELAk oso positibotzat jotzen du sektoreko greba egun hau, izan ere, oztopo guztiekin, lankide asko kalera ateratzea lortu dugu bizi kalitate duina aldarrikatzeko.