Hego Euskal Herriko kimika sektorea

Estatuko Hitzarmenari eusten die patronalek

2024/01/11
EAEko patronalek uko egiten diote kimiketako hitzarmen autonomikorako mahaia eratzeari. Sekoreko Euskal Herriko langileak prekaritatera behartzen dituzte.

ELAk ekainean iragarri zuen Hego Euskal Herriko kimika sektorearen negoziazioa aktibatzeko borondatea. Hilabeteetako lanaren ondoren, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek akordio bat lortu dute EAEko patronalei eta CONFEBASKi dei egiteko, kimika sektorerako lehen hitzarmen autonomikoa negoziatzen hasteko. Sektoreko enpresetako 120 batzordek eta ordezkarik baino gehiagok eman zioten babesa ekimenari.



Ekimen horren aurrean, EAEko patronalek eta Estatuko FEIQUEk joan den abenduaren 26an idazki baten bidez jakinarazi zuten ez zutela mahaia osatu nahi eta bat egiten zutela kimikako estatu hitzarmenarekin.

Euskal patronalek, Euskal Herriko gizartearekin konprometituta daudela diotenek, lan baldintzen estatalizazioaren alde egiten dute, eta horrek soldata txikiak, lanaldi luzeak eta prekarietatea dakartza.

Egoera horren aurrean, lau sindikatuek erabaki dute mobilizazioekin hastea, eta otsailean elkarretaratzeak egingo dituzte Adegiren, CEBEKen eta SEAren egoitzen aurrean.

Aldi berean, Nafarroan hitzarmen probintziala negoziatzen hasteko sindikatuok adostasun bera ez izatea ulertezina dela uste du ELAk. Estatuko hitzarmena prekarietatearen sinonimo ere bada Nafarroan, eta ezin da ulertu bertako 6.600 langileen lan baldintzak duintzeko bidea galaraztea. Hori lortzeko borrokatuko du ELAk.