Estatuko metalaren lehenengo hitzarmena soilik patronalaren mesederako da

2012/12/19
Estatuko metalaren lehenengo hitzarmena soilik patronalaren mesederako da
Joan den ostiralean, hilak 14ean CONFEMETAL, estatuko metalaren patronala non SEA, CEBEK, CEN eta ADEGI partaide diren, CCOO eta UGT sindikatuekin estatuko metalaren lehenengo hitzarmena sinatu zuten. Sinadura bilera horretara ez zituzten deitu ez Galizako CIG ez eta ELA sindikatua, nahiz eta mahai horretan partaide bat izan ordezkaritza gehien duten sindikatuen izaera edukitzeagatik.

Beste behin, CCOO eta UGT-k ezkutuko negoziazio baten parte izan dira, langileei bizkar emanda eta bakarrik patronalaren mesedetan. Hitzarmenak 800.000 langile baino gehiagori eragiten dio estatuan eta horregatik bereziki larria da lan zentroetan inongo informaziorik ez izatea.

Akordio hau lan baldintzen aurkako eraso larrien testuinguruan ematen da eta frogatzera dator CCOO eta UGT-rentzat hitzarmenak sinatzea dela jomuga bakarra. Hitzarmenak 4 urtetarako iraunaldia du, 2013tik 2016ra. Bertan adostu dira diziplina erregimena, sailkapen profesionala, mugikortasiun geografikoa, kontratazio modaliteateak eta abar.

Gainera, negoziazioa irekita mantentzen da eta 1 eta 2. xedapen gehigarrietan jasotzen dute heburu dutela estatuko hitzarmen ezberdinak parekatzea, bai soldata eta baita lanegunari dagokionez. Hego Euskal Herrian lanean dihardugunok badakigu soilik soldata baxuagoak eta lanegun luzeagoak espero ditzakegula hitzarmen honekin.

ELAk galdegiten die CCOO eta UGT-i Hego Euskal Herriko metaleko langileak hitzarmenaren aplikazio eremutik kanpo utz ditzaten. Sindikatu hauekin eroso dagoen patronala salbu, inork ez du hitzarmen hau nahi.

Lan baldintzen aukako erasoaren aliatu dira sindikatu hauek. ELA-k salatu nahi du bederen LAB-ek sindikatu hauekin elkarlana burutu nahi izana, Madrilen sinatzen dituzten akordioak euskal esparrua hustu egiten dutela jakinik. Bestalde, kontuan hartu behar da PP-ren erasoaldi zentralizatzaileak bidelagun dituela CCOO eta UGT lan harremanen esparruan, beste gaietan bezala.

Lan baldintza duinak izatea ahalbidetuko duen lan harremanen euskal esparruaren aliatuak ez dira izango, bada, Hego Euskal Herrian gauza bat esan eta Madrilen beste egiten duten sindikatu eta patronalak.