Estatutu Politikorako Proposamen berria eta erabaki horrek sortutako egoera dela eta Batzorde Nazionalak plazaratutako agiria

2005/01/13

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 30ean onartutako EAErako estatutu politikorako proposamen berria eta erabaki horrek sortutako egoera izan ditu mintzagai ELAren Batzorde Nazionalak 2005eko lehenbiziko bileran. Hona hemen zer dioen ELAren Batzorde Nazionalak egoera berria dela eta:

  1. ELAk ozenki aldarrikatzen du Eusko Legebiltzarrak onartutako estatutu-proiektuaren legitimotasuna, erakunde horren araudiak eskatzen dituen gehiengoak eta prozedurak aintzat hartzen baititu. Sindikatu honek badu hainbat kritika eta erreparo proposamen horren zenbait alderdiri buruz, baita horren kudeaketa politiko eta sozialaz ere, baina horrek inondik ere ez dio aldarrikapen honi indarrik kentzen.
  2. Proposamenak Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea bermatzen dion esparru juridiko-politikoa exijitzen du, eta ekinbide honek Eusko Legebiltzarraren gehiengo absolutuaren babesa lortu izanari Batzorde Nazionalak bereziki ongi irizten dio. Garrantzi politiko handia du, ELAren ustez, Eusko Legebiltzarraren erabakiak, esparru politiko berriaren ardatza herri-galdeketan jartzen baitu. Sozialista Abertzaleak taldearen ekarpenari ere azpimarratzekoa deritzo Batzorde Nazionalak.

  3. Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartu izanak, dena den, ez digu ahaztarazi ez dagoela behar hainbateko adostasunik ekimen horren edukiei eta kudeaketari buruz. ELAk berretsi egiten du aspalditik (Ibarretxe lehendakariak proiektu politiko berria aurkezteko asmoa azaldu zuenetik) aldarrikatzen ari garen eskaria, sindikatuaren XI. Kongresuak ere onartu zuena: autodeterminazio-eskubidearen aldeko indarren arteko gutxieneko hitzarmen bat adostu behar da, eta horretarako lanean hasi.

  4. Prozesuaren edukiei eta kudeaketari eragin behar die hitzarmen horrek, herri-galdeketa ere barne dela, eta lurraldetasunari dagozkion bestelako konpromiso batzuk hartu behar ditu. ELAren iritziz, ezinbestekoa da hitzarmen horrek bere gain hartzea proiektuaren alderdi sozialen garrantzia, baita herritarren partaidetzarena ere.

  5. Ziur da ELAren Batzorde Nazionala proposamenaren garapena (baita bideragarritasuna ere) koloka utziko lukeela hitzarmenik ezak. Hortaz, ELAk berretsi egiten du helburu horien aldeko lankidetzan jarduteko bere erabateko borondatea.
  6. Bestalde, ETAk jarduera armatua bertan behera utz dezala exijitzen du ELAk, beste behin ere, euskal gizarteak ere espero eta eskatzen duen legez. Hau ezinbesteko baldintzatzat jotzen dugu prozesu berriak abiarazteko; halaber, beste indar bat eman diezaieke abenduaren 30ekoaren moduko ekimenei.
  7. Espainiako indar politikoei dagokienez, espero zen erreakzioa izan dute, oro har, estatutu-proposamen berria dela-eta: erabat gaitzetsi dute proposamena, mehatxuka hasi dira, zalaparta handia atera dute komunikabideetan... Denetarik egin dute, beraz, egin behar luketena izan ezik: egoera objektibotasun eta borondate demokratiko apur batekin aztertzea, alegia. Nafarroako Gobernuak ere bide horretatik jo du, kanpaiak beste inork baino ozenago joz gainera. Hitz potoloez gaindi, erreakzio horiek arduragabekeria eta miseria politikoa besterik ez dute adierazten.
  8. Hala eta guztiz ere, aukera berriak eskain ditzakeen egoera honetan, Batzorde Nazional honek erantzukizunez jarduteko eskatzen dio Espainiako Gobernuari, uste baitugu beharrezkoa eta bidezkoa dela euskal auziari konponbide demokratikoa ematea. Ezezko biribilak, gaitzespenak, "indarrean den legedia" eta Estatuaren nagusitasuna ezartzea ez dira biderik egokienak arazoari ekiteko, are gutxiago eskari politikoak herritarren eta haien ordezkarien gehiengoa oinarri izaki. Elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik, hitzezko eta egitezko distentsiotik etorriko da konponbidea.
  9. Espainiako Gobernuak aldatu beharra dauka egungo politika errepresiboa: euskal presoen sakabanatzea, espetxe-politikaren eta zigorren gogortze arbitrarioa, indarkeriaren inongo loturarik ez duten jarduera politiko eta sozialen kriminalizazioa, fiskalen neurriz kanpoko eskariak, torturak... Gizakien oinarrizko eskubideak zanpatzen dituen errepresio-politikarako Estatuaren baliabideak erabiltzea zuzenbide-estatu beraren aurkakoa da erabat.

  10. Sektore politiko jakin bat legez kanpo edukitzeak ere adierazten du zenbateraino gutxiesten dituen Estatuak oinarrizko eskubide eta askatasunak. Zalantzan dago sistemaren eta bere erakundeen legitimotasun demokratikoa harik eta sektore eta proiektu politiko guztiei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatu arte. Horregatik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian gauden honetan, premiazkoa da proiektu eta sektore politiko guztiek hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea izatea.

Azkenik, ELAren Batzorde Nazionalak:

  • Berretsi egiten du Euskal Herriko herritarrok gure etorkizunaz libreki erabakitzeko dugun eskubidea.

  • Adierazten du normaltasun politikoa behar duela gure herriak, eta baduela horretarako eskubiderik. Halaber, gatazkak elkarrizketa eta negoziazioaren bidez gainditu behar direla uste dugu.

  • Indarkeria eta jazarpena bertan behera uzteko exijitzen du.

  • Errepresioa eta eskubideen urratzea oinarri dituen estrategia politiko, judizial eta espetxeetakoa alde batera uzteko exijitzen du.

  • Berretsi egiten du autodeterminazio-eskubidearen aldeko indarren arteko gutxieneko hitzarmena adosteko borondatea.