Etengabeko prestakuntzara joan diren 3 eurotik 1 patronala eta UGT eta CCOO sindikatuentzat

2010/03/04
ELAren salaketaren arabera, EAEn, iaz, Hobetuz-en bitartez etengabeko prestakuntzarako bideratu diren 3 eurotik 1 zuzenean eman zaio patronalari, eta CCOO eta UGT sindikatuei.

2009an ere aurreko urteetan gertaturikoa errepikatu da, hala jasotzen baita ELAk argitaratu berri duen txostenean ("Gizarte-elkarrizketa, eta Hego Euskal Herriko sindikatuen eta patronalen finantzazioa"). 

Zehazkiago esanda, CCOO eta UGT sindikatuek aurreko urtean jaso zuten diru-kopuru berdina jaso dute 2009an (2.025.000 euro sindikatu bakoitzak). Bestalde, enpresarien elkargoek programak finantzatzeko jaso duten diru-kopurua 3.310.534 eurokoa izan da. Horrela, patronalak, eta CCOO eta UGT sindikatuek berenganatzen dute, Eusko Jaurlaritzaren oniritziaz, Hobetuz-ek etengabeko prestakuntzarako kudeatzen dituen funtsen %33.  

 

2007

(Guztira 21.742.535 €)

2008

(Guztira 22.513.457 €)

2009

(Guztira 21.262.802 €)

UGT

2.251.773 €

2.025.000 €

2.025.000 €

CCOO

1.695.185 €

2.025.000 €

2.025.000 €

PATRONALA

3.047.405 €

3.403.892 €

3.310.534 €

GUZTIRA

6.994.363€ (%32)

7.453.892€ (%33)

7.360.534€ (%34)

  

Prestakuntza EAEko prestakuntza-zentroen sareak eman beharko luke, eta ez bestelako helburuak dituzten erakundeek. 

Eusko Jaurlaritzak, etengabeko prestakuntzarako, Espainiako Gobernuaren diru-funtsak onartu zituenean, eredu espainola ezartzearen baldintzapean, eta Hobetuz-en erabakien aurka; ELAk, LABekin batera, alde egin zuen Hobetuz-tik. 

Hobetuz-en oraingo eredua Estatuaren eredutik kopiatu da, eta ezaguna da haren kalitate txarragatik. Hala da, ez ditu betetzen EAEren prestakuntza-arloko beharrizanak. Pribatizazioaren aldeko apustua izan da; herri-funtsak finantza-iturri duten erakundeen mesedetan egindako eragiketa. 

Etengabeko prestakuntzan gertatu dena beste hainbatetan ere gertatu da lehenago: herri-erakundeak gizarte-elkarrizketaz baliatzen dira langileen kaltetan doazen politikak ezartzeko. Gizarte-elkarrizketaren ereduak bake soziala dakarrela diote. Izan ere, elkarrizketako partaideek gobernuaren politikak txalotu, eta gobernuak, trukean, diru-funts publikoen kudeaketa eskaintzen die. 

Gizarte-elkarrizketaren esparruan taxutzen diren politikak ez dira baliagarriak langile-jendearen arazoak konpontzeko. Eta halaxe gertatzen da etengabeko prestakuntzan. Oraingo krisi ekonomikoak are ageriagoan utzi du gizarte-elkarrizketaren ondoriozko politiken porrota.