ETSIPENAREN AURKA (Astekaria 115, editoriala)

2003/10/20

Ostegun goizez Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean guardiazibilen patrolek aldegin ostean berunezko giroa nabari zen. Egia da parkea ez zutela itxi, horren beldurra zegoen arren, baina hori apur bat lasaitzekoa izanagatik, kezka zen nagusi: Atxilotutako langileen egoerarekiko kezka; parkeak eta bertan kokatuta dauden enpresek epailearen erabakien ostean lan egiteko izan ditzaketen zailtasunekiko kezka, eta noski, hainbat lanpostu kolokan ikusteak eragiten duten kezka.

Izan ere, estatu etsaiarentzat etsaitzat baizik ez baitu jokatzen oso erraza da euskaldunok eta, bereziki, euskalgintzan ari direnen lan eta ahalegin militante eskerga medio eraikitako proiektuak, erakunde eta enpresak, eraistea.

Estatuak indarra du, bistan da, indar itzela, zapaltzaile eta itogarria, baina arrazoiei dagokienez, euskal kausaren izenean gutxi batzuk erabili izan duten eta oraindik ere baztertu ez duten horien bortizkeriaren aitzakia besterik ez zaio geratzen; hau ezin hobeto erabiltzen du, zoritxarrez.

Aitzakia hori kenduta bada garaia hori hala izan dadin indar hutsa besterik ez du estatuak, eta agerian geratzen da indar hutsa duenaren ahulezia.

Osteguneko zartadak sortutako giro goibelean ez da, noski, erraza, estatuaren ahuleziaz ohartzea; baina bai dela beharrezkoa. Beste eraso batzuk ere izango dira, erasoak jasango dituztenen esparrua zabaltzen joango da, baina estatuaren indarkeriak ere baditu mugak, batik bat euskaldunok beste egoera eta joko berri bat jokatzeko gauza izaten bagara.

Ezinbestekoa da, horregatik, modu honetako erasoek eragiten diguten etsipena gainditzea, elkarri indarra eta adorea emate, konpromisoari eutsi eta gure proiektuak eraikitzen jarraitzea. Brechtek esan zuen legez, zapaltzaileek hitz egin ostean zapalduen txanda baitator.