etxebizitza nafarroa

Etxebizitza eremu tentsionatuak izendatzeak eragin oso mugatua izango du, beharrezkoa da neurri gehiago hartzea

2024/11/06
Merkatuan esku hartzeko neurriez gain, ELAk alokairu babestura bideratzeko etxebizitza parke publikoa handitzeko neurriak proposatu ditu, etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko. Eta kritikatzen du Nafarroako Gobernuak BPGren % 0,3 baino ez duela bideratzen etxebizitza politika publikoetara.

Urriaren 31n, Nafarroako Parlamentuak Etxebizitzari buruzko Foru Legearen aldaketa onartu zuen, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien botoekin. Zehazki, Nafarroako araudia etxebizitzari buruzko Estatuko Legean jasotakoa txertatzeko eguneratu zen, eta etxebizitza eremu tentsionatuen izendapenaren garapena arautu zen.

Azaroaren 4an, Nafarroako Gobernuak etxebizitza eremu tentsionatuko zonak izendatzeko prozedura hasi zuen Nafarroako biztanleria guztiaren % 68,3 biltzen duten 21 udalerritan. Eremu tentsionatu izendatzeak alokairuari buruzko neurriak hartzea ahalbidetzen du. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak proposatu beharko ditu hartu beharreko neurriak, eta tartean diren udalekin adostu ahal izango ditu.

ELAk, Nafarroako araudian txertatu den Estatuko etxebizitza legea aztertu zuen bere garaian, eta eskasegia zela jo zuen, har daitezkeen neurriak oso mugatuak direlako. Eremu tentsionatuetan eta edukitzaile handien esku daude etxebizitzetan soilik murriztuko da alokairuaren prezioa. Jabeak edukitzaile handiak ez direnean, gehienez ere zifra errekorretan dauden alokairu prezioen igoera mugatu ahal izango da. Eta hori gutxi balitz, legeak aurreikusten du prezioak % 10eraino igo ahal izango direla jabeek etxebizitzan hobekuntzak egiten badituzte.

Hala eta guztiz ere, ELAk positibotzat jo ditu Nafarroan hartutako urratsak, betiere etxebizitzaren arloko eskumena etxebizitzaren arazoak arintzeko erabiltzen bada. Esate baterako, edukitzaile handien kontzeptua ezabatzeko edo prezioen indize propio bat sortzeko alokairuaren prezioak benetan jaitsi ahal izateko. Eremu tentsionatu izendatzeak ez du ia eraginik izango, alokairu prezioak jaisteko eta mugatzeko neurririk ez bada hartzen.

Merkatuan esku hartzeko neurriek ez dute etxebizitzaren izaera merkantilista hausten, eta beharrezkoa da etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea etxebizitzaren parke publikoa handituz, besteak beste. Ildo horretan, ELAk kritikatu du Nafarroako Gobernuak BPGren % 0,3 baino ez duela bideratzen etxebizitza politika publikoetara. Aurrekontuan neurtzen dira gobernuen lehentasunak.

ELAk, etxebizitzako inbertsioa handitzeaz gain, erabili gabeko etxebizitzen kanonak gogortzea proposatzen du. Kanon horiek progresiboak izan behar dira, etxebizitza hutsen kopurua eta balioa kontuan hartuta, eta etxebizitza horien jabea pertsona fisikoa edo juridikoa den kontuan hartuta. Etxebizitza huts bat izatea garestia izan behar da. Gainera, finantza erakundeen esku dauden etxebizitza hutsen egoera arautzea, kontrolatzea eta, beharrezkoa balitz, desjabetzea proposatzen du ELAk, etxebizitza parke publikoan sartzeko.