AZAROAK 11: GREBA OROKORRA

“Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!”

2026/10/22
“Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!”
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta etxebizitza sindikatuak elkarrekin mobilizatuko dira “etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! Contra el empobrecimiento, subida de salarios” lelopean.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11rako deitu duten greba orokorrerako adostu dituzten aldarrikapenak eta mobilizazioak publiko egin dituzte gaur, Bilbon egindako agerraldi batean. Azpimarratu dute greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dutela, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu. Etxebizitza eskubide bermatua izan dadila eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dute. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela uste dute deitzaileek.

Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da. Zentzu horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa ere egin dute sindikatuek gaurko egunean.

Hiru aldarrikapen nagusiak

Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru transformazio bultzatu behar direla defendatu dute sindikatu guztiek: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta baliabideen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute.

Erroko 3 aldarrikapen horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu dituzte, hala nola, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.

Instituzioen ardura

PSOEk gidaturiko gobernua zuzenean kritikatu dute azken 8 urteetan ez baituelako inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko. Hala ere, maila guztietako ardurak seinalatu dituzte, bereziki Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarena. Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituzte. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu da, alternatibarik gabeko etxegabetzeak eman baitira horietako batzuetan.

Confebask eta CEN patronalak ere interpelatuak izan dira. Patronal hauek dira prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta gainera, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari.

Azaroaren 11rako greba orokorra deitu duten sindikatuek ez dute onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe. Hori dela eta, aipatutako erroko aldaketak eman behar direla defendatu dute; espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboarekin amaitu eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren arabera.

Era berean, etxebizitzaren bidez ez ezik soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea salatu dute deitzaileek, eta Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dute.

Ildo horretan, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurria dela adierazi dute. Ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin zela. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela defendatu dute bertaratutako sindikatuek.

Greba orokorraren eguneko mobilizazioak (Azaroak 11):

12:30ean, Bilbon (Arriagatik) Donostian (Pio XIItik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta Tuteran (Foru plazatik).

12:00etan: Gasteizen (Bilbo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik)

Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira 4 hiriburuetan zein herri ezberdinetan.