ETXEBIZITZARAKO ESKUBIDEA

Etxebizitza sindikatuek abenduaren 14an Bilbon deitutako manifestazioari babesa adierazi dio ELAk

2024/12/09
Sindikatuak eskatu du errotik aldatzea etxebizitza politika, erakundeek alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea bermatu dezaten, lurralde osoko alokairuaren prezioak mugatzeko eta etxebizitza turistikoak geldiarazteko. Horregatik, ELAk bat egiten du Hego Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek abenduaren 14rako Bilbon deitutako manifestazioarekin. Sindikatuak gogorarazi du milaka pertsonak ezin dutela etxebizitza eskuratu. Azpimarratu duenez, bereziki larria da gazteen eta migratuen egoera.

Sindikatuak salatu du etxebizitza negozioa bilakatu dela erakundeen politiken ondorioz, alderdi politikoek (EAEn, Nafarroan edo Espainiako estatuan) onartutako legeengatik eta zerga politikengatik. "Etxebizitzak funtzio soziala bete behar du, baina egungo politikek kontrako norabidean sakontzen dute”, dio ELAk.

Sindikatuak deitoratu du politika horien ondorioak egunerokoan ikusten direla: alokairu eta hipoteka altuak, etxebizitzak alokatzetik logelak alokatzera pasatu da, errentariei baliabide publikoak helarazten dizkieten politikak, jende askori kredituak eskuratzeko ezintasuna, turistifikazioa, etab.

Horregatik guztiagatik, ELAk politika publikoak errotik aldatzea eskatu du. "Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Kongresuan onartutako etxebizitza legeak, ordea, ez du hori bermatzen. Gai honetan erantzukizun argia dute erakundeek eta alderdi politikoek, sindikatuak etxebizitzari buruzko txosten eta proposamenetan adierazi duen bezala ", adierazi du.

Hauek dira ELAren aldarrikapen nagusiak:

1. Instituzioak behartuta egotea alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea bermatzera, prestazioa alternatiba gisa kenduz. Era berean, jabearentzako onura fiskalak ezabatu behar dira.
2. Alokairuen prezioak mugatzea. Beharrezkoa da Hego Euskal Herriko lurralde osoa Zona Tentsionatu gisa ezartzea. Baina hori urrats bat besterik ez da etxebizitza alokairu guztiei prezioaren muga eskuragarria jartzeko, salbuespenik gabe. EAEn eta Nafarroan alokairu indize bat sortu behar da, alokairuen prezioa nabarmen jaisteko.
3. Etxebizitza babestu guztiak alokairura bideratzea.
4. Erabilera turistikoko etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea. Era horretako etxebizitzak debekatzera ere iritsi zen.
5. Alokairuaren edo hipotekaren ordainketari aurre egiteko diru sarrera nahikorik ez dutenen ohiko etxebizitzaren utzarazpenak geldiaraztea.