etxebizitza
Etxebizitzaren auzian zuzenean esku har dezala eskatu dio ELAk Jaurlaritzari

Legebiltzarreko Etxebizitza batzordean parte hartu dute gaur Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko buruak eta Janire Landaluze Azterketa Bulegoko kideak. Bertan, Jaurlaritzaren etxebizitzaren lege proposamena aztertu, eta gabeziak azaleratzeaz gain, baliabideak handitzea eta Lakuaren lidergo zuzena eskatu dituzte, besteak beste.
Alde batetik, legeak merkatuaren ildoei eusten diela ziurtatu du Murgiak, etxebizitza eskubidetzat hartu beharrean. Ondorioz, salatu du enpresen interesak lehenesten dituela lege proposamenak. Izan ere, esaterako, Babes Ofizialeko Etxebizitzetara bideratu beharreko portzentajea murrizten du %75tik %60ra. Horrek eraikuntza enpresei egiten die mesede, etxebizitza libre gehiago eraiki ahal izango dituztelako, errentagarriagoak direnak merkatu ikuspegitik.
Era berean, erosketarako eskainiko diren abalen neurriak bankuei besterik ez die mesede egiten, Landaluzeren hitzetan. Baliabide publikoak erabiliko baitira bankuen negozioari eusteko, eta salmenta sustatuko da alokairuaren ordez.
Bestetik, Landaluzek salatu du Jaurlaritzak Udalen esku uzten dituela arau edo lege askoren garapena. Esaterako, tentsio-eremua izendatzea (Nafarroan gobernuak berak egin du modu orokorrean), etxebitza hutsen kanonak aplikatzea, etxebizitza turistikoei mugak jartzea, eta etxebizizta babestuen eskakizuna %75tik %60ra pasatzea ere. ELAren ustez, neurri horiek era orokor batean hartu beharko lirateke, eta horretarako Jaurlaritzak zuzenean esku hartu behar du.
Horretarako baliabideak handitu behar dira. Hala nola, etxebizitzara bideratzen den aurrekontua BPGren %2ra handitu behar da, alokairuko babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzeko, besteak beste. Horregatik guztiagatik, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio benetako lidergotza izan dezala etxebizitza politiketan, eta datorren aurrekontuen eztabaidan isla dadila aldaketa hori.