UDALHITZ MAHAIA

EUDELek proposamen eskasa egin du berriz ere

2026/03/13
EUDELek proposamen eskasa egin du berriz ere
EUDELen proposamenak zehaztugabea izaten jarraitzen du, eta ez die erantzuten langileen aldarrikapenei, ezta herritarren beharrei ere. Euskarari dagokionez, ELAk babestu egin du EH Bilduren proposamena, eta gainerako gaiei gaur negoziazio mahaian adierazitako zehaztasun eta eduki berberak helaraztera animatu du.

Gaur, martxoak 13, Udalhitz berria negoziatzeko mahaia egin da Eudelen. Azken hitzorduaren ondoren, duela bi aste, Eudelek beste testu bat bidaltzeko konpromisoa hartu zuen. ELAk, orduan, proposamen berri bat, zehatza, exijitu zuen, sektorearen aldarrikapenak jasoko zituena. Hala ere, sindikatuak deitoratu du Eudelek bidalitako proposamenean aldaketak gutxi direla. ELAren ustez, kezkagarria da lan-osasunaren arloan neurririk eta eduki nahikorik ez egotea, negoziazioa hasi eta urtebetera.

"Benetako negoziaziotik urrun gaude, eta horren erantzuleak Eudelen ordezkaritza duten alderdi politikoak dira", dio ELAk.

Hala eta guztiz ere, euskararen gaian urrats nabarmenak eman direla txalotu du, zehazki, EH Bilduk egindako proposamenean. Bertan, ELAk helarazitako neurri dezente planteatzen dira. Hala ere, proposamen horrek ez du Eudelen gehiengorik, eta, beraz, ez dago argi zein egoeratan dagoen. Sindikatuak horri buruz galdetu dio Eudeli, eta hark anbiguotasunez erantzun du. Hurrengo batzorde betearazleak ebatziko duela esan dute. 

Bestalde, ELAk EH Bilduri adierazi dio euskararen inguruan egindako ariketa bera errepikatzea sektoreko beste aldarrikapen batzuetan ere, hala nola, lan-osasunean, soldatetan, enpleguan, lizentzietan edo gaztetze planetan. Hau da, edukiak dituzten proposamen zehatzak mahai gainean jartzea.

ELA mobilizatzen jarraitzearen alde agertu da. Eta horretarako, ahal bada, aliantzak sustatuko ditu LABekin, eta harekin aldarrikapen bera egin dezake.