EUDELek Udaletan kontsolidaziorako erabili nahi duen oinarri zirriborroak udal administrazioko behin-behineko milaka langile kaleratzea ekarri dezake

2022/07/21
EUDELek Udaletan kontsolidaziorako erabili nahi duen oinarri zirriborroak udal administrazioko behin-behineko milaka langile kaleratzea ekarri dezakela salatu du ELAk. Gauzak horrela, EAEko udal administrazioko erakunde guztiei dei egiten die sindikatuak egonkortu ditzatela urte luzez herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzen aritu diren langileak, eta ondorioz, ez daitezela batu EUDELek aurkeztutako proposamen bateratura. ELAk lanean jarraituko du udal guztietan kontsolidazio bermatzaileak lortzeko.

Gaur, uztailaren 21ean, EUDELek deituta bilera izan dute sindikatuek udaletan egingo diren kontsolidazio prozesuetarako oinarri bateratuen zirriborroa aurkezteko. Oinarriak ikusirik zera ondorioztatzen du ELAk:

  • EUDELek ahalbideratu nahi du estabilizazio prozesuak Aldundien esku utzi daitezela, Udalen esku beharrean, 'kudeaketa gomendioa' deitutakoaren bidez.

  • Milaka behin-behineko langile kaleratze arriskuan daude. Izan ere, oinarri horien arabera, ez da hobetsiko egonkortuko den erakundeko eta kategoriako lan esperientzia.

  • Udal/erakunde bakoitzak erabakiko du prozesu bateratu horretara batu edo prozesu propioak egitea.

Hori dela eta, ELAk honako hau adierazi die bileran EUDELeko zein udaletako ordezkariei:

  • Behingoz, Udalen autonomia defendatu, eta bertan behera utzi dezatela Aldundien esku kontsolidazio prozesuak uzteko bidea.

  • Prozesuak udaletan hasi eta bukatzeko, udalei behar duten laguntza helaraztea.

  • ELAren helburuarekin bat egin, eta udal bakoitzean langileen kontsolidazio erreala ahalbidetuko duten oinarriak egiteko gonbitea helarazi diezaietela udalei. (Adib: Bilboko bidea).

  • Aurkezturiko oinarriak ez direla onargarriak behin-behineko langileei, udaletako langileen ordezkariei eta udaletako alkate eta arduradunei begira, eta ez dutela kontsolidazio helburua beteko.

Amaitzeko, EAEko udal administrazioko erakunde guztiei dei egiten die ELAk egonkortu ditzatela urte luzez herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzen aritu diren langileak, eta ondorioz, ez daitezela batu EUDELek aurkeztutako proposamen bateratura. ELAk lanean jarraituko du udal guztietan kontsolidazio bermatzaileak lortzeko.