Euret Euskadik, Sodexok eta Serunión Nortek ez dute betetzen ostalaritzaren esparru-akordioa

2017/05/17
Eurest Euskadi, Sodexo eta Serunión Norte dira enpresa bakarrak Ostalaritzaren Esparru Akordioa betetzen ez dutenak, nahiz eta akordio hori EAEko patronalaren eta sindikatuen artekoa izan, Ostalaritzaren hitzarmenen baldintzak Estatuko Sukaldaritza Hitzarmenetik babesteko helburuz.

Joan den urtarrilean ELA eta LAB sindikatuek, Ostalaritzaren Euskal Federazioarekin batera, EAEko Ostalaritzaren Esparru Akordioa sinatu zuten, Ostalaritzaren probintzia-hitzarmenen baldintzak sektoreko langile guztiei bermatzeko.

Akordio horren eraginpean Kolektibitateak-Sukaldaritzako enpresak ere hartu dira. Horiek, Estatuko Sukaldaritza Hitzarmena sinatu arte, probintzia bakoitzeko ostalaritza-hitzarmenen eraginpean egon dira.

Eurest Euskadi, Sodexo eta Serunion Norte izan ezik, horiek Estatuko Sukaldaritza Hitzarmena aplikatzen baitute, gainerakoek Ostalaritzaren Esparru Akordioa betetzen dute. Horren ondorioz aipaturiko hiru enpresa horietako langileak baldintza dezente okerragoetan daude, sektoreko beste lankideen aldean.

Hiru enpresa horietako langileen soldatak %50 txikiagoak dira, urteko lanaldiak 50 ordu luzeagoak, eta eskubide gutxiago dituzte aldi baterako ezintasunetan, lizentzietan eta kontziliazioan... Ostera, hiru enpresa horiek aurkezten dituzten diru-eskaintzak ikastetxe pribatuetan, zahar-egoitzetan, ospitaleetan eta enpresa-sukaldeetan ez dira nabarmen baxuagoak, ostalaritza-hitzarmenak betetzen dituzten gainerako enpresen eskaintzak baino.

Eurest Euskadi, Sodexo eta Serunión Norte enpresek etekinak eta negozioa ugaltzen dituzte, sektoreko langileen baldintzen kontura.

ELA eta LAB sindikatuok langile horien baldintzen alde ekingo dugu, eta gehiengo sindikalen eta patronalen arteko akordioa betearaziko dugu. Horrekin batera, ez diegu utziko estatuko hitzarmenak Hego Euskal Herrian ezartzen, eta sektore-negoziazioa probintziako eta autonomiako mailan egitearen alde agertuko gara.

Aipaturiko hiru enpresetan jokabidez eta hitzarmenaz aldatu ezean, mobilizazio-egutegi bat prestatuko dugu ELAn eta LABen, Ostalaritzaren probintzia-hitzarmenen aplikazioa erreklamatzeko, eta langile horien lan- eta diru-baldintzak onartarazteko.