Europa sozialago bat aldarrikatu du ELAk Europako Sindikatuen Konfederazioaren kongresuan
2007/05/24
ELAren nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarri Europako eraikuntzaren bilakaerak bizi duen krisiaz mintzatu da maiatzaren 24an Europako Sindikatuen Konfederazioaren Kongresuan egin duen hitzaldian. ELAko ordezkariaren esanetan egoera honen arrazoiak ez daude itunak Frantzian edo Holandan jaso duen ezetzan, gizartearen gehiengoaren interesen aurka egin den politikan baizik.
“Merkatua eta enpresen lehiakortasunaren aldeko neurriak bultzatu diren bitartean, gai sozialak baztertu dira eta honela ezin du aurrera egin”, adierazi du.
Gonzalez de Txabarriren ustez Europaren eraikuntza prozesuari beste norabide bat emateko ordua iritsi da eta sindikatuek zeregin handia dute eginkizun honetan. Era honetan ELAk beste Europa baten aldeko apustu garbia egiten duela gogogatu du eta Kongresuan diren gainontzeko ordezkariei Europa sozial baten alde borrokatzeko deia egin die.