Europako Batzordea eskuineko politikak ezartzeko ari da lanean

2010/07/08
ELAren ustez onartezina da Europako Batzordeak erretiratzeko adina 70 urteraino atzeratzeko egin duen proposamena

Europako Batzordeak erretiro adina 70 urteraino atzeratzea proposatu du. Ez da harritzekoa orain horrelako kontuekin tematzea. Botere ekonomikoa erabakitzen ari den murrizketetan eragile bakoitzari egiteko bat dauka, eta horien artean Batzordeari gobernuen politikak bideratzea eta gero betetzen direla ziurtatzeko zaindari gisa jokatzea dagokio. Jarrera antisozial honekin Batzordeak erraztu egin nahi dizkie estatu bakoitzeko agintariei hartu nahi diren erabakiak.

Batzordeak ariete legez jokatzen du. Horretarako, finantza-botereak botatzen dituen azterketa katastrofistak hedatzen ditu, zeinak kutsu ideologiko nabarmena baitute. Eta ezkutatu egiten du azken helburua ez dela pentsio publikoak zaintzea, pribatizatzeko urratsak egitea baizik, hartara banketxeek funts pribatuekin egiten duten negozioa gero eta handiagoa izan dadin.

ELAren ustez, pentsioen eztabaida ezin da egin zerga-politikaren auzitik bereizita. Pairatzen dugun zerga-politikak errenta altuei eta kapitalen diru-sarrerei pribilegiozko tratua ematen die, eta iruzur fiskalari ez dio ekiten; gainera, pribilegiozko tratu hori eman arren, zerga-politika horrek ez du eragozten kapitalak paradisu fiskaletara ihes egitea. Batzordeak honi guztiari buruz ez du txintik esaten.

Batzordeak ez du aztertu nahi azken urteotan aberastasuna zein modu desorekatuan banatu den, ezta berak bultza eta gobernuek gauzatu dituzten politikek  ekarri duten kapital metatze izugarria ere. ELAk Batzordeari kargu hartzen dio, izan ere, erabat ezinean ari baita finantza-botereak egin dituen gehiegikeriak eragozteko; aldiz, kapitalaren eskariak betetzeko lana prestutasun handiz egiten du.

ELAk pentsiodun izateko adina atzeratzea proposamen demagogiko eta interesatua  dela uste du, eta agintean dagoen klase politikoak aintzat hartu nahi ez dituen alternatibak badirela. Horregatik, besteak beste, ari gara mobilizatzen; horregatik, neurri hauek plazaratzen dituztenei ez zaie inongo babesik eman behar.