austeritate politika europan

Europako Batzordeak 2024ko aurrekontua handitzeko ezarri duen %2,6ko mugak eragingo du austeritate politikara itzultzea

2023/05/25
ELAk duela zenbait aste ohartarazi zuen Europako gobernantza ekonomikoaren esparruaren erreformari buruzko txostenean honako hau: Europako Batzordeak espainiar Estatuari gomendatu dio lehen mailako gastu publikoaren hazkundea %2,6ra mugatzea; horrek murrizketak eragingo ditu EAEko eta Nafarroako aurrekontuetan. Halaber, Batzordeak eskatu du 2023an energiaren inguruko laguntza oro bertan behera uzteko.

Egonkortasun eta Hazkunde Ituna etenda izan da azken lau urteotan, Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. Haatik, orain Europar Batasunak (EB) erabaki du 2024an diziplina fiskalera itzuli behar dela. ELAren Azterketa Bulegoak bere bildumaren 47. alean analisi kritikoa egin zuen EBk ebatzitako arau fiskalen erreformaz, eta ohartarazi zuen datorren urtean Hego Euskal Herrian austeritate politikak berrezarriko direla.

Atzo argitaratu zituen Europar Batzordeak herrialde bakoitzari europar seihilekoaren baitan egiten dizkion gomendioak; zor publiko ratio altua duten estatuei galdegin die zerga-politika zuhurra gauzatzeko eta 2024rako gastu publikoa mugatzeko. Horien artean dago espainiar Estatua. Hain zuzen, Batzordeak gastu publikoa handitzeko %2,6ko muga ezarri dio, hartara defizit publikoa %3aren azpitik gera dadin (hala ezartzen dute arau fiskalek). Batetik, gastua mugatzen da, baina bestetik, EBren ikuspuntutik lehentasunezkoak diren inbertsioak egin behar dituzte estatu kideek, esaterako trantsizio ekologikoan, digitaletan (funts publiko handiak enpresa transnazionalei transferitzeko mozorroa) eta gastu militarrean. Horrek esan nahi du gastu arauak murrizketa handiak ekarriko dituela gastu sozialean.

Halaber, energia arloan inflazio handiari aurre egiteko eman izan diren laguntza guztiak bertan behera geratu behar dira eta aurrezten den dirua defizita jaisteko baliatu. Estimazioen arabera, laguntzak kenduz gero BPGa %0,6 uzkurtuko da. Azkenik, Europako Batzordeak eskatu du Next Generation funtsen ezarpena azkartzeko; funts horiek eredu produktiboa eraldatzeko ziren berez, baina agerikoa da ez dituztela hasieran ezarritako helburuak bete.

Aipatutako txostenak azaltzen zuen moduan, Bruselak hartzen dituen erabakiek zuzen-zuzenean eragiten digute Hego EHn. Batzordeak gastua %2,6ra mugatzeko aginduaren ondorioz administrazio guztien gastua murriztuko da. Beraz, atzo Batzordeak plazaratu zituen gomendioek baldintzatu egingo dituzte EAEko eta Nafarroako 2024ko aurrekontuak. Gainditu ezineko gastu arau bat ezarriko da eta trantsizio berde eta digitalerako inbertsioak lehenetsiko dira, osasun, hezkuntza edota gizarte prestazioen kaltetan. Hau da, arlo horietan murrizketak egingo dira.

Interes tasen igoera langile klasea itotzen ari den honetan, oso albiste txarra da atzera ere EBk diziplina fiskala eta murrizketak ezartzea, zerga erreforma progresiborik ez duelarik proposatzen sarrera publikoak gehitu eta kalitatzeko zerbitzu publikoak bermatzeko.