novaltiako greba

Amaitu egin da %26ko soldata igoerekin eta grebalari bakoitzarentzako 9.450 euroko kalte ordainekin

2023/03/30
Hiru urte eta zortzi hilabeteren ondoren, Europako greba luzeenari amaiera ematen dion akordioak enplegua bermatzeko neurriak jasotzen ditu ere bai.

 

 

Novaltiako Greba Batzordeak eta ELA sindikatuak akordioa lortu dute Novaltiako zuzendaritzarekin hiru urte eta 8 hilabeteko grebari amaiera emateko. Akordio hori positibotzat jo du ELAk, grebalarientzat ekarriko dituen hobekuntza nabarmenak direla eta.

Novaltia produktu farmazeutikoak banatzen dituen enpresa kooperatiboa da, Zaragozan du egoitza soziala, eta Bizkaian bi lantoki ditu. Nagusia Lezaman, eta zaharrena Zaratamon. 20 langilek greba mugagabea hasi zuten 2019ko uztailean lan baldintza kaskarrak hobetzeko: soldata txikiak baztertzeko eta kolektiborik prekarioenak pairatzen zuten diskriminazioarekin amaitzeko.

Bada, lortutako akordioaren eduki garrantzitsuenak honako hauek dira:

1) Greba amaierako akordio bat formalizatu da, enpresan lehen aldiz estatuko sektoreko hitzarmenaren edukiak hobetzen dituzten lan baldintzak arautzen dituena.

  • Akordioak aplikazio bermeak ditu, eta horrek eragotzi egiten du enpresak adostutako baldintzak aldatzea.

    Soldatei dagokienez, Bizkaiko plantillak sektoreko hitzarmenaren gainetik jasotzen zituen plusak mantenduko dira, eta gutxieneko osagarri finko bat sartzea adostu da kolektiborik prekarioenarentzat, bai eta balioaniztasun plus bat eta beste garraio plus bat ere akordioaren eraginpeko langile guztientzat. Plus eta osagarri horiek guztiak konpentsagarriak eta desagerraraziak ez izatea bermatzen da, eta hitzarmen igoeren arabera errebalorizatuko dira.
    Soldata hobekuntza horiek % 26,7ko batez besteko igoera ekarri dute langileentzat, eta % 33,7ko igoera soldata prekarioenen kasuan.

2) Prozedura judizial guztiak amaitzea adostu dute, enpresaren eta greban dauden pertsonen arteko transakzio akordio baten bidez. Akordio horrek honako ondorio hauek dakartza:

  • 2025. urtearen amaierara arte kalte ordainak hobetu ditzaketen neurri iraungitzaile objektiboetatik babestea. Enpresak, bestalde, grebarekin zuzenean edo zeharka lotutako jarduerengatik inolako errepresaliarik edo diziplina neurririk ez hartzeko konpromisoa hartu du idatziz (kaleratzeak edo zigorrak, esaterako).

  • Pizgarridun borondatezko irteerak egiteko aukera.

    Kalte eta galerengatik grebalari bakoitzari 9.450 euroko kalte ordaina.

Gainera, Novaltiak 1.345 euroko kalte ordaina emango dio ELA sindikatuari (euro 1 greba egun bakoitzeko).

ELAren ustez, akordioa oso positiboa da 2019an antolatzea eta borrokatzea erabaki zuten pertsonentzat. Grebalariek eta sindikatuak berak nahi baino askoz gehiago luzatu da, Europako luzeena izateraino. Bertan, gatazka luzatzea eragin duten hainbat gertakari izan dira. Alde batetik, gogoratu behar dugu Lan Ikuskaritzaren jokabide negargarria, ELAk hainbestetan salatu duena. Greba eskubidea urratzeagatik hainbat epai egon dira, eta horien ondorioz, Novaltia 10 aldiz zigortu dute. Gainera, azken hilabeteetara arte enpresak ez du negoziatzeko inolako prestutasunik erakutsi.

Lan baldintzen funtsezko hobekuntza hori grebalarien indarrean eta konpromisoan oinarritu da; egunero egin dituzte kooperatibako farmazien eta lantokien aurrean mobilizazioak. Era berean, ELAk nabarmendu nahi du afiliatuen kuoten bidez elikatzen duten erresistentzia kutxa funtsezkoa izan dela. Kutxarik gabe, eta afiliatuen elkartasunik gabe, ezin da halako akordiorik lortu.

ELAk, azkenik, inoiz ezagutu den grebarik luzeenean erakutsitako adoreagatik zoriondu nahi ditu grebalariak, luzeena izanik ere amaiera onarekin bukatu baita.