Hemen Europako hainbat herrialdetan baino enplegu gehiago suntsitzen dela salatu du ELAk

2009/01/23
EPAko datuek oso argi erakusten digute Hego Euskal Herrian enpresariak enplegu asko deuseztatzen ari direla, eta suntsiketa hau, Europako Batasuneko beste toki batzuetan baino maila handiagoan burutzen ari dela, nahiz eta hemen ekonomiak bilakaera hobea izan duen” salatu du ELAko Azterketa Bulegoko Julene Gabiolak.

Europako Batasunean langabezi tasa 0,3 puntu igo den bitartean, igoera hau 2,6 puntukoa izan dela Euskal Autonomia Erkidegoan eta 3,8koa Nafarroan ohartarazi du Gabiolak. “Europan baino ekonomi hazkunde handiagoa izanik, nola hemen enplegu gehiago desegiten den azaltzeko eskatzen diegu enpresariei.”

“Bilakaera honen arrazoietariko bat izugarrizko behin-behinekotasunaren existentzia da. Aldi baterako kontratudun 37.000 pertsona kaleratuak izan dira, eta hori, enpresarien erabaki askoren ondorioa da” ohartarazi du bestalde Julene Gabiolak. Suntsitzen den enpleguaren gehiengoa bide honetatik egiten da, era isilean, enplegu-erregulaziorako espedienteekin baino gehiago.

Biztanleriaren jardueraren arabera sailkatzeko inkesta, PRA delakoa erabiltzeari utzi zion 2006an ELAk. Une hartan jakinarazi genuen Eustatek publikaturiko enpleguari buruzko datuak ez zeukatela zerikusirik errealitatean gertatzen zenarekin. Hala eta guztiz, Eustatek bide horretatik jarraitu du, eta Eusko Jaurlaritza, inork sinesten ez duen informazio baten erabilera alderdikoia burutzen ari da”, gogorarazi du azkenik Gabiolak.