Europar parlamentuak CETA Merkataritza Hitzarmena onartu du

Beraz, CETAren aurkako borroka ez da amaitu Europarlamentuko erabakiarekin; mobilizazioari eutsi behar diogu geldiaraziko badugu; horregatik kaleratu ginen atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Tinko eutsi behar diogu; Itun honek neoliberalismo basatiari bide ematen dio, eta ondorio larriak izango ditu gure bizitzaren arlo guztietan: kontsumitzeko, ekoizteko, jateko, lan egiteko, naturarekin harremanetan jartzeko modua… Hauek dira itun arriskutsu honek izango dituen ondorio larrietako batzuk:
Inbertsio-Auzitegien Sistema (ICS): Sistema bidegabe eta paralelo hau ez da beharrezkoa, eta atzerriko korporazioei eskubidea ematen die estatuen kontra arbitraje-auzitegietan jotzeko, estatuek beren balizko etekin ekonomikoen aurka joan litekeen lege bat ezartzen dutenero.
Ardura Printzipioa, indargabetua: Europaren babes sistema zorrotzagoa da Kanadakoa edo AEBtakoa baino, produkzio-katearen fase guztiak hartzen baititu aintzat. Itun hau onartuta gure babes maila haiena bezain eskasa izango da.
Araugintzan konbergentzia beheranzkoa da: Inbertsioen eta merkataritzaren berme juridikoa lortzeko bidea da sinatu duten herrialdeen legedia harmonizatzea; horretarako negoziazio egitura berriak ezartzen dira, herritarren kontroletik kanpo eta erabat opakuak direlarik. Konbergentzia hori edonola ere beheranzkoa da gizarte-, ingurumen- eta lan-babesari dagokionez, eta pribatizaziora jotzen du sektore eta enpresa publikoetan.
Aintzat hartu beharreko beste puntu bat da CETAk zerbitzu publikoen pribatizazioa erraztuko duela. Lehenengoz Standstill klausula sartu da: Estatuek zerbitzuen “zerrenda negatiboa” egin behar dute. Horiek ez beste guztiak pribatizatu ahal litezke eta atzerriko enpresa handien lehiarako irekita geratu.