EUROPAREN ERAIKUNTZA, NEOLIBERALEN ESKU
Milaka eta milaka lagun bildu zituzten martxoaren 14 eta 16an sindikatuek eta gizarte-mugimenduek Bartzelonako kaleetan. Manifestazio erraldoi haien arrazoia: Europako Batasuneko (EB) gobernuen kezka kapital eta enpresen etekinak eta interesak izatea, eta ez gizartea eta herritarrak; milaka poliziaren atzean babesteko beharra sentitzen duten gobernuei politika eta lehentasunak aldatzeko eskatu zitzaien.
Izan ere, martxoaren 15 eta 16an zen EB estatu- eta gobernuburuen goi-bileran, udaberrian ohi duenez gai sozial eta ekonomikoei eskainia, “duela bi urte Lisboan erabakitakoaren hariari eusten diote: ekonomia eta gizarteko hainbat sektore desarautzea, lanaren malgutasuna areagotzea, etab.”, Mikel Noval Azterketa Bulegoaren arduradunak dioskunez. “Bilera honen emaitzek berriro frogatu dute Europaren eraikuntza enpresa handi eta kapitalen onerako dela, eta herritarren kaltetan”.
Novalek bost puntutan laburbildu ditu Bartzelonako goi-bileran hartutako erabakiak, eta horiei buruz ELAk duen iritzia:
1. Garapenerako laguntza
Nazio Batuek deituta Mexikoko Monterrey hirian garapenerako laguntzaren finantzaketari buruz lehenengo nazioarteko konferentzia izan da, martxoaren 18tik 22ra bitartean, eta hara joan aurretik Bartzelonan irizpide batzuk finkatu ziren, “baina laguntza gehitzeari buruzko konpromiso zehatzik ez zen erabaki”, dio Azterketa Bulegoko arduradunak.
Konpromisoen ordez EBko estatuek helburu batzuk finkatu dituzte, eta 2006rako BPGaren %0,39ra iristea agindu dute, baina estatu batzuren maila eskasa ikusirik, muga hori 0,33an ere ipini liteke.
2. Aurrekontu-politika
Duela zenbait urte estatuetako dirua eta finantzak bateratzerakoan, EBk aurrekontuen defizita, zor publikoa, interes eta prezioen maila hartu zituen aintzat, eta enplegua, beronen kalitatea edota gizarte-babesa bazter utzi. Bateratasun irizpideak orain Egonkortasun Itunean jasota daude, finantza publikoak estu hartu dituen testua.
Bartzelonako goi-bileran gobernuek eutsi egiten diote itun horri, eta areagotu egiten dute, Novalek dioen moduan “EBko estatuek aurrekontuetan oreka edo superabita lortzeko helburua gehienez 2004rako jarri baitute”. Ondorioa: “Aurrekontuak murriztera joko dute, gutxiengo aberatsentzako zergak jaitsi eta herritar gehienentzat murrizketa sozialak eginez”.
3. Enplegua
Gobernuek enplegu betea hartu dute langileen kaltetan izango diren politikak gauzatzeko aitzakiatzat. Baina argi uzten dute “enpleguaren eta lan-merkatuaren erreformei” arreta berezia ematen jarraitzeko asmoa dutela, hots, eskubideak murrizten jarraitu nahi dutela.
Gobernuek sindikatuei zeregin jakin bat eman nahi diete, “ugazabekin enpresen moldaketa negoziatzea negoziazio kolektibo, soldata igoera apal, produktibitatearen hobekuntza, etengabeko prestakuntza, teknologia berri eta lanaren antolaketa malgua”ri buruz. Honek zer esan nahi du? Novalen aburuz, “sektore-hitzarmenetako gutxieneko baldintzen ordez enpresa mailako itunak hobestea, aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuak hedatzea, kaleratzea merkatzea...”
4. Gizarte-babesa
Gizarte-babesean ere ez dago berri onik. “Langabeziagatik jasotzen den laguntza eta pentsioak murriztu nahi dituzte”, Novalen arabera; gainera EBren baitan dauden egoera desberdinen artean bereizketarik egiteke.
Langabeziari buruz, “lana errentagarri egin eta enplegua bilatzeko ahalegina sustatu” nahi dute gobernu europarrek, hots, laguntza murriztu, bere iraupena moztu eta jasotzeko baldintzak zorroztu.
Pentsioei buruz, langabeziaren antzera murrizte aldera jo nahi dute; aldez aurretiko erretiroa eragotzi, jubilazioa atzeratu: “Zortzi urtetan, 2010erako alegia, EBan erretiroaren batezbesteko adina 5 urte gehitzea nahi dute”. Novalek dioen legez, pertsonen bizitza autonomorako aukerak zaildu eta enpresa zein finantza-erakundeen mende jartzea.
5. Ekonomiaren desarautzea
Bartzelonan batik bat energia, garraio eta komunikazioetako sektoreetako lehia areagotu nahi zuten, zerbitzu publikoen izaera saihestuta, jarduera horiek herritarren bizimodurako egundoko garrantzia duten arren. Alemania eta Frantziak asmo guztiak betetzea galarazi dute, bi estatuetan hauteskundeak laster izango direlako.
Gai honetako EB-ren politikak, bi oinarri ditu: zerbitzu pribatua publikoa baino hobea dela, eta arauak kenduta lortuko den lehia areagotua gizartearen onerako izango dela. Mikel Novalek azaltzen duenez, ordea, “estatu espainolean erregaiekin edo telefoniarekin edota Britainia Handian trenbideekin gertatu denak hori nabarmen uzten du, baina aurrerago ildo honi jarraituko diote”
Valoración de las conclusiones de la Cumbre de Barcelona. ELA, 27 de marzo de 2002