Euskal erakunde askotan murrizte politikaren aurkako protestak ez du etenik
ELA parte hartzen ari da hainbat erakundetan egiten ari diren mobilizazioetan, edozein dela ere agintzen duen alderdi politikoa: EAJ, PSE, Bildu, UPN zein PP. Uneotan borrokan ari gara Bizkaiko eta Arabako aldundietan; Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udaletan, eta beste hainbat herrikoetan ere: Getxo, Santurtzi, Erandio, Sopela, Güeñes, Zornotza, Irun, Eibar, Laudio, Urduña, Barakaldo, Portugalete, Bermeo, Galdakao, Hondarribia, Errenteria, Mutriku edo Elgoibar. Datzozen egunotan protesta beste udal batzutan hasiko da. Nafarroan ere mobilizazio handiak egiten ari gara, besteak beste abenduaren 17rako Osasunbidean deitu dugun lanuztea.
Esan beharra dago ere erakunde batzutan egoera gainditzeko eta Rajoyren murrizketak aplika ez daitezen lortzeko modua aztertzen ari garela. Proposamen hauek administrazioetako arduradunei helarazi dizkiegu. Beraz, badaude Rajoyren murrizte politika saihesteko bideak. Betiere, borondate politikoa egotekotan.
ELArentzat, 2013ko pagak seihileko bakoitzeko hasierara aurreratzea langileak eta gizartea engainatzeko saio bat besterik ez da, izan ere, 2012ko abenduko ordainsaria ez baita ordainduko; honek urteko soldata %7 murriztea esan nahi du. Azken hiru urteetan metatu den murrizketa urteko soldata-masaren %20 adina da.