‘Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak' liburua, aktibaziorako tresna
Aberri Egunaren atarian, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzea. Horretarako proposamena da Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak liburua, Txalaparta argitaltxeak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratuta.
Unai Oñederra ELAko estrategia subiranistako arduradunak eta Manu Robles-Arangiz fundazioko lehendakariak prentsaurrekoan adierazi duenez, Euskal Herrian “impasse” egoera batean gaude, nazioartean aldaketa betean izanagatik ere. “Eta gauzak ez badira mugitzen, atzerantz egiteko arrisku handia dago”. Kezka hori izan da liburuaren abiapuntua, eta Euskal Errepublikarako bidean “burujabetzan aurrera egiteko norabideak” eskatu dizkiete Euskal Herri osoko zazpi egileei, besteak beste, feminismoaren, ekonomiaren, lan arloaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik jarduteko. “Burujabetzan aurrera egin nahi badugu, hobekuntza sozialak eta burujabetzan urrats bat dakartzaten aldarrikapen zehatzak egin behar ditugu, eta horiek lortzeko ezinbestekoa izango da gizarte zibila aktibatzea, antolatzea eta konfrontazio demokratikoa bultzatzea”.
Ane Eslava Txalapartako editoreak zehaztu ditu liburuko parte hartzaileak: “Alor sozialeko, akademiako eta sindikalgintzako egileak dira”, eta “ziklo politiko berri bat aktibatzeko gakoak mahaigaineratu dituzte”. Hain zuzen ere, honako egileekin: Unai Apaolaza Amenabar (filosofoa), Uzuri Aboitiz Hidalgo (EHUko ikerlaria eta antropologoa), Andrea de Vicente Arias (EHUko irakaslea, Lan Harremanen eta Gizarte Laguntzaren fakultatean), Iñaki Lasagabaster Herrarte (EHUko Administrazio-Zuzenbideko katedraduna), Roser Espelt Alba (ELAren Azterketa Bulegoko kidea), Ainize Butron Arana (Alda elkartearen zuzendaritzako kidea) eta Amaia Alvarez Berastegiri (NUPeko irakaslea).
Izan ere, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gogorarazi du euskal langileriaren lan eta bizi baldintzak okertu dituztela egungo politika instituzionalek, kapital handiekiko menpekotasunak eta burujabetza faltak. Birzentralizazio prozesuak areagotu dira, eta aldebikotasuna hutsean geratu, dio. EAEko estatus berriko elkarrizketak gizarteari bizkar emanda negoziatzen ari direla salatu du, eta Nafarroako parlamentuko batzordea eztabaida insituzionalera mugatzen ari dela. Horregatik da hain beharrezkoa “norabidea aldatzea eta alternatiba sozial eta politiko sendoak” eraikitzea, “gizartea aktibatuta” eta alderdiei zain egon gabe. Are gehiago adostasunak aldarrikatzen diren honetan, izan ere “adostasunak ezin dira eraiki zapalkuntzak betikotzeko”. Ipar Euskal Herriak hori erakutsi du Batera plataformarekin zein Laborantza Ganbara, Bizi! eta Alda mugimendu eta elkartearekin, besteak beste; agerian geratu da erdigunean jarri behar direla herritarrak eta behar sozialak. Bide horretan, Lakuntzak dio konfrontazioa eta polarizazioa beharrekoa direla.“Ez da askapen nazionalik justizia sozialik gabe, eta ez dago justizia sozialik erabakiak hartzeko tresna eta botere politiko propiorik gabe”. Ziur da liburuak ere horretarako balio dezakeela, egile bakoitzak norbere ikuspegitik hainbat gako plazaratzen dituelako.
Egileen biografiak
Unai Apaolaza Amenabar (Donostia, 1973): Filosofian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen diploma du «Egungo arazoak filosofian» adarrean, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun, Filosofia irakaslea da batxilergoan. «Euskal nazionalismoa XXI. mendean» masterrean (EHU) eta «Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan» graduondokoan (UEU, EHU) irakaslea izana. Artikulu ugari argitaratu ditu hainbat aldizkari eta egunkaritan. Azken urte hauetan buru belarri aritu da euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduan.
Amaia Alvarez Berastegi (Iruñea, 1985): Zuzenbidean doktore eta Kazetaritzan lizentziatua, gaur egun irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbidearen Historia alorrean. Giza Eskubideei eta justizia trantsizionalari buruzko bi graduondo ditu (UPV-EHU, 2011; Ulsterko Unibertsitatea, 2012). Kazetari gisa lan egin zuen bost urtez Berrian eta Diario de Noticias-en, eta freelance kazetari gisa Irlandan. Nazioarteko ikerketa proiektuetan parte hartu du eta 20 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu.
Iñaki Lasagabasterra Herrarte (Gasteiz, 1953): EHUko katedradun emeritua da, Administrazio Zuzenbidean. "Oinarrizko eskubideak eta botere publikoak" master ofiziala eta titulu bereko doktorego programa sortu eta zuzendu zituen. Honako monografia hauek argitaratu ditu, besteak beste: Energia eta Lurralde Antolamendua (2026), Herritarren segurtasuna eta oinarrizko eskubideak (2022), Giza eskubideen Europako hitzarmenari buruzko iruzkina (4. edic; 2021), Demokrazia, erabakitzeko eskubidea (2021), Legebiltzarra eta Konstituzio Auzitegia (2021), Kartzelak eta eskubideak (2016).
Ainize Butron Arana (Baiona, 1974): Kazetaria eta irakaslea lanbidez, Alda mugimenduko lehendakarikidea da eta Manu Robles-Arangiz Fundazioko kidea izateaz gain, EHBaiko eta Baterako militantea ere bada. Enbata aldizkarian editorialista badabil urteotan.
Uzuri Aboitiz (Lekeitio, 1984): Uzuri Aboitiz antropologiako doktoratu ondoko ikertzailea da (Eusko Jaurlaritza 2024-2029), Mexikoko Gizarte Antropologiako Ikerketa eta Goi Mailako Ikasketen Zentroan (CIESAS) eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU); landa lana egiten du zorpetutako etxe taldeekin Mexikon eta EHn. Antropologian nazioarteko doktoretza egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta bere lana ekonomia politikoaren, ekonomia moralaren eta ekonomia feministaren teorietan kokatzen da. Mugimendu feministako kidea da eta hainbat ikerketa taldeetan partehartzen du, Bartzelonako Unibertsitateko eta EHUko irakasle jardun du, eta espezializazio-ikastaroak ere eman ditu Emakunderentzat, besteak beste.
Roser Espelt Alba (1993, Bartzelona): Ekonomialari kataluniarra da, 2020. urtetik Euskal Herrian bizi dena. ELAko Azterketa Bulegoko kidea da, baita Seminari d’Economia Crítica Taifa-ko kidea ere. Ikuspegi kritiko eta marxistatik egiten du lan, eta nazioarteko eta sektorekako ekonomia aplikatuan eta politika industriala aztertzen dihardu. Halaber, Universitat Oberta de Catalunya (UOC) unibertsitateako irakasle kolaboratzailea ere bada.
Andrea de Vicente Arias (Bilbo, 1981): Lan Zientzietan lizentziaduna Cadizeko Unibertsitatean eta EHUn. EHUko Garapenari buruzko ikasketetan doktorea, bere argitalpenek lan erreformari, azpikontratazioari, enpresa multinazionalei eta Nazioarteko Zuzenbideari buruzko gaiak jorratzen dituzte. Gaur egun, Enpresako Zuzenbideko eta Zuzenbide Zibileko irakaslea da, eta Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultateko (EHU) dekanordea.