pentsioak
Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 20 eta 25erako deitutako mobilizazioekin, LGS pareko gutxieneko pentsioaren alde

Bost hilabetez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lanean jardun du babesa biltzeko Herri Ekimen Legegile (HEL) baten alde. HELaren xedea da gutxieneko pentsioa EAEko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Ekinbide horrek sostengu zabala izan du; hala adierazten dute jasotako 144.000 sinadura baino gehiagok. Euskal gehiengo sindikalak prozesu horrekin bat egin du, baita bere ekarpena egin ere.
Milaka sinadura horiek Legebiltzarrera iristerakoan Eusko Jaurlaritzak HELari buruzko txosten tekniko ez-lotesle bat egin behar zuen, eta hori ekinbidearen kontrakoa izan da. Sindikatuok uste dugu txostena ez dela ez teknikoa, ez juridikoa; aldiz, kutsu politikoa duen dokumentu bat da, eta horrek islatzen du Eusko Jaurlaritza osaten duten alderdiek ez daukatela inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko.
Horrenbestez, EAJk eta PSEk Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida galarazi nahi dute, ez baitute borondaterik ekinbidea tramitera onartzeko ere. Berez, irailaren 25ean bozkatuko da Gasteizko legebiltzarrean, izapideak hasi ala ez; horregatik, alderdi politikoei eskatzen diegu herritarren halako babes handia izan duen egitasmoaren alde bozka dezaten. Auzi demokratiko bat da. Legebiltzarrean ez onartzeak esan nahiko luke euskal jendarteari ukatu egiten zaiola behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida eta erabakia.
HEL hori tramitera onartu ezean, langileria guztiaren kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, horiek jasotzen baitituzte saririk txikienak: askok hilean ezta 700 euro ere. Pentsioetan emakumeen eta gizonen arteko arrakala % 40 ingurukoa da. EAJk eta PSEk txosten horrekin agerian utzi dute zaintza lana ez dutela aintzat hartu nahi: milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz lan merkatuan ezin izan dutelako aurrera egin.
HEL hORI aurrera ateraz gero, emakume eta gizon pentsiodunen arteko desberdintasuna leunduko litzateke, pentsiorik apalenak LGSarekin parekatuko bailirateke. Egun, 90.000 pentsiodunen sarrerak -gehienak emakumeak- LGStik beherakoak dira. Haatik, kolektibo horretan Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta 15.000 lagunek besterik ez dute jasotzen. Beraz, argi dago DSBE ez dela tresna baliagarria pentsiodunek sarrera nahikoak izan ditzaten.
Hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu dituen mobilizazioekin, hilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta 25ean Arabako hiriburuan, euskal alderdiei galdegiteko gutxieneko pentsioen osagarriaren alde bozka dezatela.