Euskal gehiengo sindikalak deituta, lantokietara eraman da lan erreformaren aurkako aldarria
Lehentasunez bereziki larriak diren bi gai moldatzeko beharra dago: euskal lan harremanen esparrua erasotzen duen estatalizazioa batetik, eta, bestetik, kaleratze merke eta errazak ahalbidetzen jarraitzeko aukera. Horregatik, aipatu puntuak indargabetzearekin bat, 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat derogatzea eskatu dute langileek gaurkoan, langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna direlako.
Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak eman beharra aldarrikatu dute, euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak hemen bertan hartu ahal izateko. Dei egin diete EAEko zein Nafarroako instituzioei ikusle izateari utzi eta urratsak eman ditzaten, esparru propioaren alde.
Gaur lantokietan bezala, joan den asteburuan Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako kaleetan mobilizazio jendetsuak egin ziren. Halaber, gehiengo sindikalaren ekimenez bilera-erronda egin da hainbat alderdi politikorekin (EHBildu, Podemos-Ahal Dugu, EAJ), eta eskakizun argia helarazi zaie: konbalidazioan, eta beti lan erreformak erabat indargabetzeko bidean, aurretik aipatutako bi gaietan (kaleratzeak eta estatalizazioa) moldaketarik egongo ez bada, ezezko bozka emateko erreformari.
Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea eta langileek beren lan eta bizi baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatu eta defendatzea. Gaurkoan lantokietan mobilizatuz, bide horretan beste urrats bat egin da.