Euskal gehiengo sindikalak sektore publikoaren negoziazio eskubidea errespetatzea exijitu die euskal administrazioei

2010/05/21
Besteak beste, neurriek lehen aldiz beraiekin dakarte soldaten murrizketa ekainetik aurrera, hauen izoztea 2011. urterako eta zerbitzu eta enplegu publikoen gaineko mehatxu larrria.

Zapateroren gobernuak gastu soziala murrizteko neurri sorta onartu berri du; neurriek oso modu larrian eragiten diote euskal jendarteari eta modu berezian zerbitzu publikoei eta bertan lan egiten duten langileei. Nafarroako eta EAEko gobernuek, Madridekiko menpekotasuna erakutsiz, murrizketak onartzeko borondatea azaldu dute eta bere eremutan aplikatzeko nahia. Horri erantzuteko, gehiengo sindikalak greba deialdia luzatzen die sektore honetako langile guztiei eta dei egiten dio jendarte osoari mobilizazioetan parte har dezan.

Arlo publikoko langileei eragiten dieten murrizketetatik haratago, plazaraturiko neurriek eta hauen norantzak gogor erasotzen digute herritarroi. Izan ere, arlo publikoa, eskaintzen diren zerbitzuak, hauen kalitatea eta langileen lan-baldintzak desegitea dituzte helburu. Besteak beste, neurriek lehen aldiz beraiekin dakarte soldaten murrizketa ekainetik aurrera, hauen izoztea 2011. urterako eta zerbitzu eta enplegu publikoen gaineko mehatxu larrria. Botere ekonomikoak esparru guztietan, baita Euskal Herrian ere, arlo publikoa eraitsi eta pribatizatzeko aurrera eraman nahi duen estrategiaren parte da hau.

Zerbitzu publikoak erasotzen dituzten neurri hauek ez dira berriak, sektore guztietan aspalditik gatoz murrizketak eta erasoak pairatzen eta: osasungintza, zerbitzu sozialak, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoa… Azken sektore honetan espreski egun bererako greba deitua zegoen.

Berriz ere, botere politikoa kapitalaren eta honen erakundeen menpean jartzen da, eta krisitik atera ordez egoera larriagotzen duen estrategia gauzatzeko prest dago. Hain zuzen, krisia gainditzeko biderik egokiena kontrakoa litzateke, hots, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzea, ematen duten estaldura eta kalitatea hobetzea eta enplegu publikoa sortzea. Neurri hauek abian jartzeko aberastasun nahikoa eta gehiago sortzen dugu, banaketa bidezkoago bat eta aurrera eramateko borondate politikoa besterik ez da behar.

Gehiengo sindikalak krisia hasi zenetik eskatu izan ditu horrelako erabakiak, baina gobernuek ez dituzte aintzat hartzen; ondorioak ezin okerragoak dira, eta begibistan daude. Bankuei milaka milioi euro ematen zaizkiela, Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen dugunok ez gaude murrizketa larri hauei men egiteko prest, ezta gure eskubideak murriztu ditzaten eta neurri hauen kaltetu nagusienak zerbitzu publikoak beraiek eta bertako langileek izan daitezen ere eta ondorioz Euskal Herriko langileria osoa.

Hartutako neurriek, bestalde, demokraziarena aurkako izaera nabariaz gain, euskal administrazioen eskumen ahalmena indarrez kentzen dute, finean Madrilgoak ez diren beste eremutan funtzio publiko propioa gauzatzeko aukera ezerezean uzten baitute. Oinarrizko arauak ezartzeko joerak- beraz estatu guztian bete beharrekoak- argiro erakusten digu estatu espainiarraren borondate eza negoziazio kolektiborako bestelako eremuak onartzeko, nahiz eta hauek guztiz zilegiak izan. 

 

Horregatik, sektore publikoko euskal gehiengo sindikalak euskal administrazio publikoei exijitzen die bere esparruko negoziazio eremuak babestu eta defenda ditzaten, inongo inposaketarik onartu gabe.

Ordua da Euskal Herriko gehiengo sindikalaren eta langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen eta eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko erabakiak bertan har ditzagun.

 

Bestalde, sektore publikoaren negoziazio kolektiborako benetako eskubidea bere osotasunean bete beharra dago eta inoiz jarri ez abaguneko gobernuaren interesen baitan. Oso larria deritzogu, lizuna ez bada, langileon zilegizko ordezkaritzarekin sinatutako negoziazio kolektiboaren akordioak aldebakarrez bertan behera uztea.

Hauek dira Maiatzaren 25erako sektore publikoan greba orokorraren deialdia burutzera eraman gaituzten arrazoiak. Langile guztiak deitzen ditugu neurrioi aurre egin diezaieten, egun horretako mobilizazioetan parte hartu eta greba aurrera ateratzeko.