Euskal Herriak EZ esan die TTIP eta CETA hitzarmenei

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ kanpainak deituta milaka lagun atera dira gaur kalera TTIP eta CETA hitzarmenei ezezko borobila esateko. ‘Herriek erabaki. Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos’ leloarekin mobilizazo arrakastatsuak egin dira egun osoan zehar Hego Euskal Herriko hiriburuetan. ELA bi ekimen hauen kide da.
ELAko nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarriren ustez, “TTIP eta CETAren helburu bakarra finantza kapitala eta multinazionalak babestea da, beti ere ingurugiroaren, pertsonen eskubideen eta herrien kaltetan. Gainera, gure lurra eta eskubideak defendatzeko aldarria luzatu nahi dugu”.
ELAko arduradun honek kalera ateratzearen garrantzia azpimarratzen du. “Azken egunetan Valonian gertatutakoak agerian utzi du beste behin kapitalak eta euren mesedetan agintzen duten ordezkari politikoek nola jokatzen duten. Hala ere, kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, posible da bi hitzarmen hauek geldiaraztea. Izan ere, oraindik bide luzea gelditzen da euren sinadurarako. Posible da gelditzea, eta ziur gaude lortuko dugula!”