EHk kapitalari planto! plataformak Black Friday egunaren atarian planto egin eta bestelako kontsumo ereduak planteatu ditu Bilbon

2021/11/23
Euskal Herriak kapitalari planto!, EHko eragile sozial eta sindikal ugarik osatutako plataforma, kalera atera da, Black Friday-ari planto egiteko eta bestelako kontsumo ereduen inguruan kontzientziarazteko. Bilboko bi merkataritza gunetan izan da ekintza: Kale Nagusiko 1. zenbakiko Primark saltokian eta Kale Nagusiko 23. zenbakiko Zaran.

10 aulkira igo diren 10 pertsona ordu erdiz kontzentratu dira ekintza egin den bi puntuetako bakoitzean, Black Friday-aren ospakizunak dakartzan ondorioak (sozialak, ingurumenekoak, lanekoak) azaltzeko; baita nagusi den kontsumo ereduaren aurrean alternatibak planteatzeko ere. "Black Friday, yo me planto. “Badator Black Friday (ostiral beltza) edo Ciber Monday (ciber astelehena), kontsumo konpultsiboaren sinonimoak biak, eta iragarkiak nonahi ditugu: irratian, telebistan, garraioan, prentsan... Edonon eskaintza ikaragarriak daude, deskontuak, eta dena oraindik merkeago erosteko aukera online egiten badugu. Horrek ondorio ugari eta larriak ditu gizartean eta ingurumenean: online merkataritzak enpleguak suntsitzen ditu eta lan baldintzak prekarizatzen ditu, salgaien garraioa areagotzeaz gain, eta, beraz, baita CO2 emisioak ere.

Gauzak horrela, 5.000 denda txikik baino gehiagok ateak itxi dituzte EAEn 2008 eta 2016 urteen artean. Bestalde, ehungintzaren moda industriarik toxikoenetako bat da; izan ere, haren osagai toxikoek 200 urte baino gehiago behar dituzte degradatzeko, eta zabor mendiak sortzen ditu, herrialde txirotuetako basamortuetan 39.000 tona arropa erabili pilatuz.

Hori guztia dela eta, kontsumo intentsibo eta konpultsiborako egun hauetan, Erosketarik Gabeko Eguna ospatzeko gonbita egin dute, mundu bidezkoago eta iraunkorragoa lortzeko bidean. Horretarako, honako hau proposatzen dute:

  • Klik eginez burututako erosketa konpultsiboari aurre egitea.
  • Oinarrizko beharrak erosketarik egin gabe betetzea, konponbiderik jasangarriena den aldetik: konpontzea, trukatzea, partekatzea, sortzea...
  • Merkataritza txikiari eta hurbileko merkataritzari laguntzea.
  • Aurrez aurre erostea, eta, ezin denean, hurbileko merkatariak elkartzen dituzten tokiko plataformak erabiltzea.